"Zerbitzatzera etorri nintzen, ez zerbitzatua izatera"

Anboto 2012ko aza. 30a, 08:35

Omenaldia egingo diote elizak eta herriak Jon Onaindia abadeari etzi; bertsolariak eta dantzariak arituko dira esker oneko ekitaldian.

Ardura barik, baina, oraindik meza ematen duzu Iurretan. Noiz arte?

Ahal dudan arte. Hiru hilabete dira jubilatu nintzela, baina, osasuna eduki bitartean, Jabier Ezkauruazerri lagunduko diogu.

24 urte Iurretan. Gogoan al duzu lehenengo meza?

Ez. Andra Marian (Durango) nengoen orduan. Ez nintzen garaileen legez sartu, handiguraz. 1988ko irailaren 1ean izan zen.

Zelan hartu zintuen?

Ondo! Oso pozik nago. Estimatzen naute eta ondo konpontzen naiz denekin. Oso herrikoia naiz, nire izakera da: zerbitzatzera etorri nintzen, ez zerbitzatua izatera.

Atzerabegiratua eginez gero, zelan ikusten dituzu 24 urteok?

Lan arloan, familian, seme-alaben hezkuntzan, giza-balioetan, ekonomian... Krisia bizi dugu; krisi erlijioso sakona ere bai. Presa batean lez, arrakalak sortu ziren 70eko hamarkadan, eta urak dena eroan zuen. Ez dakigu zer norabidetan joko duen honek, baina, aurrera egiten saiatuko gara. Mundua heldutasunera helduko denaren itxaropena dut: umezaroa pasatuta, nerabezaroan dagoelakoan nago. Niretzat, pertsonaren duintasuna eta askatasuna dira garrantzitsuenak, elkarrizketa eta errespetua. Betidanik oinarrizko balio ditut.

Hego Amerikan ere ibili izan zara.

Ekuadorren egon nintzen (1966-1972), eta hangoa beste mundu bat da. Oso gustura egon arren, Euskal Herrira etorri gura nuen. Ez nuen galdu gura hemengo trena, gertatzen ari zena.

Markinan jaio eta Azkainen bizi.

Bai, Gerra Zibilaren ondorioz Iparraldera ihes egin genuen, La Habana itsasontzian. Gerrako ume horietako bat naiz. Azkainen bizi izan naiz. Gasteizko seminarioan nengoela ere (1946-1956), muga pasatzen nuen oporretan, mendietatik; mugalari nintzen.

Aurten justu, apostasia egitea ere eskatu dizute. Zer iritzi duzu?

Bakoitza libre da gura duena egiteko, ez dut inoz hori kritikatuko. Gizartea aldatu eginda, baina gutxik eskatzen dute apostasia, eliza eta sinismena utzi arren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!