"Beti egongo zara gure bihotzean eta Maiztegin zure amantal koloretsuekin"

Jone Guenetxea 2019ko uzt. 20a, 20:51

Ana Mari Rodriguez Ormazabal Iurretako Maiztegi herri eskolako irakaslea hil da, 60 urtegaz. 34 urtez hezkuntza komunitateari eta herriari egindako ekarpena nabarmendu dute lankideek, gurasoek eta ikasle ohiek.

Irakaslearen ustekabeko heriotza kolpe handia izan da irakaslea ezagutzen zuten guztientzat. Ana Mari zuzendari eta irakasle ezin hobe legez gogoratzen dute. 34 urtez, Maiztegi Euskal Eskola Publikoa sortu zenetik, bertako irakasle izan zen, eta ekainean erretiratu zen. Iurretako herriak omenaldia egin zion irakasleari ikasturte amaierako jaian. Guraso elkarteko kideek hunkituta gogoratu dute, irakasleari duela hilabete egindako omenaldia. "Zorrotza zen arren, umeek ikaragarri maite zuten, eta omenaldian hori nabaritu zen. Irakasle legez asko eskatzen zuen, baina berak hori baino gehiago ematen zuen", azaldu dute guraso elkarteko kideek.

Ana Mariren lankideek maistra legez zuen "zehaztasuna, zuzentasuna eta ardura" azpimarratu dituzte. "Ikasleei behar zutena emateko egiten zenuen guzti-guztia, miresten dugu. Baina guztien gainetik gure laguna izan zara. Zure falta sumatuko dugu. Ez zaitugu inoiz ahaztuko. Beti egongo zara gure bihotzean eta Maiztegin zure amantal koloretsuekin. Eskerrik asko zugandik ikasi eta jaso dugun guztiagatik", azaldu dute lankideek. 

Bere ikasle ohiek ere hunkituta gogoratu dute Maiztegiko maistra. Iurretara etorri eta Maieztegi "bere" egin zuen getariarra izan zela azaldu dute. "Belaunaldiz belaunaldi denok jaso izan dugu zure errietaren bat. Hala ere, zenbat irakatsi zenigun", azaldu dute ikasle ohiek. Gorka Lazkano bertsolariak omenaldian irakasleari esandako berbak oroitu dituzte: "Zuk ereindako hazia ureztatzen jarraituko dugu, zuk egin zenuen bezala fruituak ematen jarraitu dezan luzaro".

Ana Mari Rodriguezen hileta astelehenean izango da, Andra Marian, 19:00etan. 

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!