Iurretan zaborra ez dutela bide bazterrera botatzen, eta egindako salaketarengatik barkamena eskatu du EH Bilduk

Maialen Zuazubiskar 2019ko mar. 22a, 19:29

Joan zen astean EH Bilduk Iurretan kaleak garbitzen ibiltzen den makinako zaborra bide bazterrera botatzen duela salatu zuen. Gaur ostera, barkamena eskatu du salaketarengatik. Garbiketa zerbitzua daraman Enviser enpresako langileek EH Bilduren "portera arduragabea" salatu dute eta hainbat argibide eman dituzte.

"Itxuraz garbiketa enpresako arduradunek toki horretan garbitzen dute kale garbiketarako erabiltzen duten ibilgailua eta horregatik egoten da bertan. Ez dute beraz guk uste genuen bezala bertan hondakinik botatzen eta salaketa horregatik barkamena eskatu beharrean gaude", adierazi dute EH Bilduko kideek. 

Hala ere, garbiketa enpresak hondakin guzti horiek ikusi eta "parte eman ez izana" ez dutela ulertzen esan dute. Bestalde, udalak ohiko protokoloa martxan jarri duela, eta lur jabeari tokia garbitzeko eskatuko diola jakitera eman dute. 

Langileek argibideak eman dituzte

Iurretako garbiketarako zerbitzuaren Enviser-eko langileek EH Bilduren "portaera arduragabekoa" salatu dute. "Ezin daiteke horrelako salaketa larri bat jaurti, informazioaren inolako kontrastea egin gabe. Ez dugu baztertzen gure lanpostuak defendatzeko legeak emandako bideetan sakontzea".

Garbiketan lan egiten duten langileek argitu dutenez, kaleak garbitzen dituen makinak hondakin txikiak (hostoak, zigarro-puntak, paperak...), jasotzeko garbiketa mekanikoa egiten du, "xurgatze-sistema baten bitartez jaso eta atzeko biltegira eramaten du, eta, eguna bukatzean, zabor guzti hori Aldaparape kaleak dagoen errefuxa ontzi batera botatzen dugu". Gaineratu dutenez,  "filtroak umeldu eta biltegia uragaz garbitzen dugu, geratu den area eta hautsa kentzeko". Olaburu kalean egiten dutela azaldu dute, "baztertuta dagoelako eta maniobra horrek hauts asko askatzen duelako".

Ildo horretan, nabarmendu dute garbitzeko makinaren xurgagailuaren ahoak 18 zentimetroko ahoa duela, eta Olaburu kalean dagoen zaborra aztertuta —elektrotresnak, botila handiak, gurpilak. oinetakoak...—, "ezinezkoa da zabor hori garbitzeko makinaren biltegitik botatakoa izatea; kalean horrelako zaborrik aurkitzen denik ez dugu uste ". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!