Oinezkoek lehentasuna izango dute eskola gunera eta Etxegora heltzeko bidean

Aitziber Basauri 2019ko mar. 4a, 12:57

Angel Basabe udal arkitektoak eta Iñaki Totorikaguena alkateak aurkeztu dute proiektua gaur

Eskola eremura edota Etxego gaztelekura sartzeko bidean aparkalekuak kendu eta oinezkoei lehentasuna emateko ingurua egokituko du Iurretako Udalak. Onartu berri dute 98.000 euroko aurrekontua duen proiektua, eta irailerako gauzatuta egotea gura dute.

Bertan egoteko eta paseatzeko lekua bihurtu gura dute hezkuntza zentroetara sartzeko inguru hori; Olaburu frontoia eta karrejua ere  badaude bertan. Lan horiekin oinezkoentzako lekua eta segurtasuna irabaziko dutela azaldu dute Iñaki Totorikaguena alkateak eta Angel Basabe udal arkitektoak. "Karrajuaren parean, miradore izateko balio lezakeen plataforma bat sortu gura dugu, eskailera batekin. Inguru guztia, led argiteriarekin, iturri batekin eta altzariekin osatuko genuke", argitu dutenez. Eskailera horien bitartez Etxegora sarbidea egokituko litzake. Ibilgailuen sarrera mugatuta egongo litzateke, orain lez. Baina, aparkalekuak kendu egingo dituzte.

Obrak lizitazio fasean daude, eta maiatzean eman gura dituzte lanak udal arduradunek. Bi hileko iraupena izango lukete, eta udako oporrekin bat egiteko nola egin aztertuko dute, "eskolaumeen ikasturtean ahalik eta gutxien eragiteko", Totorikaguenak azaldu duenez. Irailerako ingurua berrituta egotea gura dute.

Proiektuaren irudi bat

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!