Iurretako eskola eremura eta Olaburu frontoira sartzeko bidea oinezkoentzat mugatuko dute

Aitziber Basauri 2018ko aza. 21a, 13:19

Iurretak 5,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2019an; aurtengoagaz alderatuta, %4,63 igoko da. Inbertsioen atala ere igon da: 841.000 euro lotu dituzte horretarako.

Besteak beste, eskola eremura eta Olaburu frontoira sartzeko bidea egokituko dute, oinezkoentzat mugatuz, eta, Amilburuko jolasgunea konpondu. Hurrenez hurren, 70.000 eta 60.000 euro gorde dira lan horietarako. Bestalde, udalarena den Goiuriako bide zatia -Garaizarko bidegurutzetik hilerrira- konpontzeko 70.000 euro lotu dituzte. 

Olaburu tunelean geratzen den horma konpontzeko 50.000 euroko atala lotu dute. Baita argiteria aldatzen jarraitzeko eta aurrekontu parte hartzailea bideratzeko ere. Bizikletak garbitzeko lekua (10.000 euro) ere egokituko dute, eta Etxego atondu (30.000 euro).

Horrez  gain, bai berdintasun plana bai gazteentzakoa garatzeko diru gehiago erabiliko du udalak; lan eta gizarte inklusioa bultzatzeko egitasmoa lantzeko ere bai. Era berean, oinarrizko zerbitzuak -gizarte zerbitzuak, kultur ikastaroak, liburutegia, kultur etxea, auzo-taxia..- eta dirulaguntzak mantentzeko poltsa handitu egingo du: 2,7 milioi euro izango dituzte horretarako.

Aho batez onartu dute aurrekontua. Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan, egoera ekonomiko "hobearen isla" da aurrekontua. "Inbertsio potolorik ez dagoen arren, egin beharreko lanak dira". EH Bilduren ustez inbertsio "logiko eta zentzudunak" batu dira, "aurreko urteetako bideari eutsiz". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!