Iurretako paper fabrikari espediente bat zabaltzea proposatu du URA agentziak

Markel Onaindia 2018ko aza. 9a, 18:11
Argazkia: Mikel Otero

Paper fabrikak Ibaizabal errekan gai kutsakorrak isuri dituela azaleratu du EH Bilduk asteon, eta gaur Eusko Legebiltzarrean azalpenak eskatu dizkio Arriola sailburuari. Honek esan du URA agentziak isurketa egiaztatu zuela apirilaren 24an, eta ordutik birritan neurriak hartzea eskatu diola enpresari. Baina, egoerak berdin jarraituta, espedientea zabaltzea proposatu zuen uztailean.

Arriolaren arabera, apirileko errekerimenduaren ostean, enpresak erantzun zuen isurketa gertatu den hondakin-gunean kontrolak egiten dituztela aldiro-aldiro, baita likidoa erretiratu ere. Baina, URAko arduradunek maiatzean egoera mantentzen zela nabaritu zuten, eta berriro errrekerimendua egin zuten. Izan ere, likidoaren froga horretan Ph-a 12,23an neurtu zuten, araztegi baterako gehienezko muga 9,5ekoa denean. Horren ostean, enpresak jakinarazi zuen kanpo-azterketa bat eskatu zuela egoera konpontzeko. Baina, URA agentziakoek arazoa ez zela konpondu ikusi zuten uztailean; likido kutsakorra hamabi lekutatik ailegatzen zen Ibaizabalera. 

Hori ikusita, eta birritan errekerimenduak egin eta gero, enpresari espedientea zabaltzea proposatu zuen URAk. 

EH Bilduk salatu du Jaurlaritzak maiatzetik jakin duela egoeraren berri, eta "ezer ez" egitea leporatu dio, aste honetan bertan isurketak ikusi baititu. Arriolak erantzun du URA agentziaren frogek erakusten dutela Lakuatik lan egin dela egoera bideratu ahal izateko, eta hurrengo egunetan ere horretan jardungo dutela. 

Airea hobetzeko neurriak
Bestalde, Arriolak iragarri du irailaz geroztik Smurfiten ingurumen-baimena eguneratzen ari direla. Teknologia berriak txertatuz, airera botatzen diren partikulak gutxitzea lortu gura dute, aire kalitatea eta usaina hobetzeko. Horretarako, kutsaduraren muga-balioak ere murriztu egin dizkiote enpresari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!