Iurretako paper fabrikak Ibaizabalen "legez kanpoko isurketak" egin dituela atera du argitara EH Bilduk

Markel Onaindia 2018ko aza. 8a, 09:21
Irudian, mahai gainean, papertegi ondoko erreka inguruetan hartutako likidoaren lagin batzuk. Maeztu eta Oterogaz batera. Liher Aiartzaguena Iurretako zinegotzia.

Paper fabrikaren eta gasolindegiaren artean hondakinentzako eremu bat sortu zuen enpresak -Celulosas del Nervion, orduan, Smurfit Kappa egun- 80ko hamarkadan, eta 90eko hamarkadan estali egin zuen. EH Bilduk ortofoto publikoen bidez ikusi du aldaketa hori. Euriaren eraginez gai toxikoak filtratzen zirenez, likidoa araztegira bideratzeko sistema bat ipini zuen enpresak neurri zuzentzaile lez, baina EH Bilduk erakutsi du sistema horrek ez duela funtzionatzen. Likidoa Ibaizabal errekara ailegatzen da, eta bertako ura kutsatua dagoela egiaztatu du Labaqua Tecnalian eginiko analisi bategaz.

Analisi horretan hurrengoa agertu da: Ph maila 11,4koa dela muga gehienez 9,5 denean, eta oxigenoaren eskari kimikoan 711ko balioa, gehienez 500 denean. Kontua da, muga horiek araztegi baterako ezarritakoak direla, eta kasu honetan zuzenean errekara isurtzen den likidoa da. Beraz, lege urraketa oraindik eta handiagoa izango litzateke. Lur eremua 36.000 metro karratukoa da, eta errekara ematen duen tartea 250 metro ingurukoa. Eusko Jaurlaritzaren datuetan lur kutsatu lez agertzen da gunea, eta Mikel Otero legebiltzarkidearen esanetan horrelako 14.000 zoru daude erkidegoan.

Ur horren lagin bat ekarri dute Iurretako Ibarretxe kultur etxean eginiko prentsaurreko zabalera, beltz-beltza. Oterok kontatu du maiatzean herritar baten abisua jaso zutela, eta orduan hasi zirela ikertzen. Bere arabera, Eusko Jaurlaritza eta Aldundia jakinaren gainean zeuden lehendik, eta neurriak hartzeko 6 hileko epea eman zieten, gaia publiko egin aurretik. "Agintariek jakin arren, 6 hileren ondoren gauzak berdin daude", salatu du Oterok. Ildo beretik berba egin du Dani Maeztu Durangoko zinegotziak. "URA agentziak ez du ezer egin". Erreka inguruetan ikusi dute karbonato kalzikoa isuri dela. "Karbonato kalzikoa harri bihurtuta dago. Baina likidoa agertzeak esan gura du lurra tapatu aurretik zerbait gehiago bota zutela, unea aprobetxatuz", ohartarazi du Oterok. Bere iritziz, gainera, analisi gehiago egitea beharrezkoa izango da, eurena oinarrizkoa izan baita.

Instituzioetan salaketa
EH Bilduk mozioak aurkeztuko ditu Iurretako, Durangoko eta Zornotzako udaletan. Isuriak urgentziaz gelditzea, kutsatutako eremua garbitzea eta, hala badagokio, enpresari espedientea zabaltzea eskatuko dute. Horrez gainera, barikuan legebiltzarreko kontrolerako bilkuran Arriola sailburuari galdera egingo diote gaiaz, "jakiteko zergatik ez duen ezer egin". 

Jarraian, EH Bilduk Ibaizabalen ikerketa egin zueneko bideoa:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!