N-634 errepide nagusiaren hiri antolamendurako lanei aurre egiteko udalak eta Bizkaiko aldundiak sinatuko duten lankidetza-hitzarmenaren arabera, Iurretak 922.500 euro jarriko ditu obrak gauzatzeko. Bada aurrekontuaren %59ari egingo dio aurre —2017ko aurrekontuaren soberakina erabililko dute—. Obrak 1,5 milioi euroko inbertsioa eskatuko du.
EAJk eta PSE-EEk hitzarmenaren garrantzia nabarmendu dute alde bozkatzeko. Aldiz, EHBilduk kontra bozkatu du,"ekarpenak egiteko aukerarik ez delako bermatu". Liher Aiartzaguenaren berbetan, "Urteetan interes eta kezka handia sortu duen gaia da N-634a, baina herritarrei ez zaie aukerarik eman ekarpenak egiteko, ez zaie galdetu".
PSE-EEko MªAngeles Muñozek gogoratu du hitzarmen ekonomikoa dela. "Herriarentzat proiektua garrantzitsuenetariko bat da, garrantzitsuena ez bada. Beharrezkoa da errepideagaz zerbait egitea, eta aurrerago izango da aukerarik ekarpenetarako". Iñaki Totorikaguena alkateak herria goitik behera "eraldatuko" duen proiektua dela azpimarratu du, informazioa eman dela eta gardentasunez jokatu. "Asko kostatu da hona heltzea. Batzuetan, trena behin baino ez da igarotzen. Hartu ezean, urte piloa itxaron beharko da. Proiektua lantzen ari da aldundia eta dagokionean bermatuko dugu parte hartzea".
Bi errotonda eta semaforodun bost zebra bide goratu jarriko dira 700 metroko tartean, espaloiekin eta bidegorriagaz. Uda aurretik espero dute hitzarmena sinatzea. "Ordurako behin betiko proiektua prest egotea espero dugu eta, lanak 2019ko lehenengo hiruhilekoan hasteko aukera izatea", azaldu du Totorikaguenak.