“Munduko txapelketarako puntu sorta ona batzea lortu nuen eta oso pozik nago“

Joseba Derteano 2018ko api. 22a, 09:00

Hirugarren urtez, Ironmanen munduko txapelketa izango du helburu nagusi Gurutze Frades (Iurreta, 1981) triatletak. Helmuga hori buruan duela dabil lanean. Joan zen asteburuan Hegoafrikako Ironmana lehiatu eta seigarren amaitu zuen. Pozik dago emaitzagaz eta batutako puntuekin.

Igeriketa saiotik oso aurrean irten zinen, 13. tokian.
Beste alderdi denetan moduan, igeriketan ere lan handia egin dut nire errendimendua hobetzeko. Azkenean, ez da berdina aurrekoengandik bost minutura edo minutu bira irtetea uretatik. Igeriketan egin dudan saiorik onenetakoa izan zen. Postuak aurreratzen joan nintzen. Bizikletan ere indartsu sentitu nintzen eta 90. kilometrorako oso ondo kokatuta nengoen, bederatzigarren. Gero, ahuldade une bat etorri zitzaidan, baina buelta eman ahal izan nion korrikako maratoirako.  

Pozik zaude emaitzagaz?
Bai. Maila handiko lasterketa zen eta punta-puntako parte-hartzaileak aritu ziren. Emaitza ona lortzea ez ezik munduko txapelketarako puntu sorta ona batzea lortu nuen seigarren tokian amaituta, eta oso pozik nago.

Munduko txapelketarako sailkapenean 32. tokian kokatu zara batutako puntuekin.
Bai, eta emakumeetan 35 lagunek parte hartzen dute. Baina oraindik bide luzea dago aurretik. Punturik gehien banatzen dituzten probak egingo ditut. Hegoafrikakoa horietako bat zen eta Australiakoa zein Frankfurtekoa ere halakoak dira. Hegoafrikako proban zer maila eskaini nezakeen ikusi gura nuen, estrategia bat edo bestea aukeratzeko. Izan ere, puntu kantitate desberdinak ematen dituzten hainbat lasterketa daude. Hegoafrikakoa ondo joan zenez, seguruenik Australiakoa egingo dut, ekainaren 10ean. Hawaiiko munduko txapelketarako sailkapena ahalik eta arinen lotzea ahalbidetuko lidaketen puntuak batzea izango dut helburu Australian.

Beste lasterketarik baduzu buruan?
Orain atsedena hartzea eta errekuperatzea da behinena. Ondoren, uztailean distantzia luzeko triatloien munduko txapelketan parte hartzeko asmoa dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!