Ibarretxe kultur etxearen alboan eraikiko dute aquaparkak 4.300 metro koadro hartuko ditu guztira. Igerilekuek hartuko dituzte 1.300 metro koadro, eta gainontzekoan belar artifiziala jarriko dute. 700 lagunentzako aforoa izatea aurreikusi dute proiektuaren bultzatzaileek, eta 10-15 lagun kontratatuko dituzte bertan lan egiteko.
"Munduan bakarra" dela nabarmendu du Arrizabalagak, muntatzeko eta desmuntatzeko duen zailtasunagatik. "Aparteko lana eskatuko du, baina uste dut zeresana emango duela. Hasi da zeresana ematen".
Eragozpenik sortu ezean ekainaren 11n inauguratuko dute aquaparka eta modu berezian egingo dute. Arrizabalagak aurreratu duenez, "prezio berezia eskainiko diegu iurretarrei eta ikastetxeekin batera zerbait berezia egin gura nuke".
Azken baimena faltan
Udalak jarduera baimena emateko azken agiriak falta direla argitu du proiektuaren bultzatzaileak. Ondoren, orubea atonduko dute aquaparka muntatzen hasteko. Espero dute, aurtengo udan eta hurrengoan ere jarri ahal izatea aquaparka Iurretan.
Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan, "Durangalderako aisialdirako beste alternatiba bat" lez ikusten dute proiektu hau. "Uste dugu Iurretako eta inguruetako bestelako zerbitzu batzuei ere onura egin diezaiokela aquaparkera etorriko direnek. Egitasmo interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen hasieratik". Duela urtebete hasi ziren proiektu honetaz berba egiten. Arrizabalagak azaldu duenez, Durango, Abadiño eta Berrizen agertu izan dutela egitasmoarekiko interesa. "Hala ere, Iurreta leku egokia izan zitekeela pentsatu genuen, besteak beste, bertora heltzeko azpiegiturak kontutan hartuta.