Udako aquapark bat zabaldu gura dute Iurretan

Aitziber Basauri 2018ko mar. 15a, 13:29
Ibarretxe kultur etxean alboan, 4.000 metro koadro hartuko lituzke ur parkeak

Proiektuaren sustatzaileak egitasmoa gauzatzeko aurreproiektua aurkeztu du Iurretako udaletxean. Igerilekuak, txirristak eta olatu artifizial bat egongo lirateke Ibarretxe kultur etxearen alboan zabaldu gura duten aquaparkean. Ez litzateke iraunkorra izango, uda sasoirako bakarrik baizik. Sare sozialetan bolo-bolo ibili da azken egunotan aquaparka egiteko asmo hori.

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, egitasmoa gauzatzeko bete behar diren baldintzak zeintzuk diren argitu zaie proiektuaren sustatzaileei. Hartara, baldintza horiek jasotzen dituen proiektua aurkeztea litzateke hurrengo pausoa. Horrekin aquapark-a zabaltzeko baimena eman edo ez erabakiko luke Iurretako Udalak. Proiektua udako hileetarako izango litzateke soilik; gainera, etorkizunean etxebizitzak eraikiko dira lursail horretan.

Ibarretxe kultur etxearen alboan proposatu dute ur parkea egitea, eta 4.000 metro koadro inguru hartuko lituzke. Hori azaldu du Totorikaguenak. Laupabost igerileku, txirristak eta olatu artifizial bat egongo lirateke, besteak beste, aquapark horretan. Iurretako alkatearen berbetan “proiektu polita” da ur parkearena. Gaineratu duenez, “herriarentzat ona izan liteke eta beharrezko baldintzak betetzen badira ez dugu aurrera egiteko eragozpenik ikusten”. Oraingoz, aurreproiektu bat, “asmoen agiri bat”  da udalean aurkeztutakoa. “Baina, azkenean gauzatzen baldin bada, ederto legoke”, Totorikaguenak nabarmendu duenez.

Aquapark-a eraikitzeko proiektua aurkeztu ondoren, eta udalak baimena ematea erabakiz gero, zehaztuko lirateke epeak. Pentsa daiteke uda sasoia aurretik zabaldu gurako dutela aquapark-a egitasmoaren sustatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!