Martxoak 8

Parte-hartzaile guztiak irabazle egiten dituen berdintasunaren aldeko Milia Morean korrika egitera deitu dituzte iurretarrak

Aitziber Basauri 2018ko mar. 15a, 12:00

Martxoaren 8aren harira, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde milia bat korrika egitera deitu dute Iurretan: Milia Morea. Gu Be Bai Runners taldeagaz elkarlanean, udaleko Berdintasun Saileko arduradunek hirugarrenez antolatu dute herritar guztiei zabaldutako lasterketa, eta erantzun zabala izatea gura dute. Horretarako, herriko elkarteen parte-hartzea ere sustatu dute. Martxoaren 17an jarri dute hitzordua, 12:00etan.

Askondo kaletik irtengo da lasterketa. Bixente Kapanaga kalerako bidea hartuko dute korrikalariek gero, eta tunelaren gainetik buelta eman ostean, kale beretik, abiapuntura joango dira berriro. Azken zatia Zubiaurre kaletik egingo dute. Birritan egingo dute ibilbidea. Guztira, milia bat osatuko dute parte hartzera animatuko diren iurretarrek. Halaxe azaldu du Iraia Garcia korrikalariak. Emakumeek kirola egitea sustatu gura duen Gu Be Bai Runners taldearen sustatzailea ere bada Garcia. Emakumeek zein gizonek, umeek zein nagusiek, guztiek hartu dezakete parte lasterketan. “Horrela, emakumeek kirola egin dezaten ematen den laguntza eskertu gura dugu, nolabait. Izan ere, kirola egin gura duten emakume askok ingurukoen laguntza behar dute”, adierazi du Garciak.

Iaz 70 bat korrikalari batu ziren, eta aurten jende gehiago batzea espero dute. Gu be Bai Runners taldeko kideak argitu duenez, “lehenengoz antolatu genuenean Durangoko Lilakrosaren egun berean egin genuen, eta iaz Donostiako Lilatoia egin zen egunean. Aurten, beste lasterketaren bategaz ez kointziditzea lortu dugu. Herri bakoitzak bere unea izango du, eta, hartara, jende gehiago batzea lortu gura genuke”.  

Aldarrikapenerako lasterketa
Aldarrikapenerako lasterketa dela gogoratu du Garciak, eta korrikalari guztiak direla irabazle, parte hartze hutsagatik. “Emakumeak eta gizonak arlo guztietan berdinak garela aldarrikatzea du helburu Mila Moreak. Era berean, kirola egitea sustatu gura du, kirola egiteak duen garrantzia barneratzea”, esan du. Antolatzaileek arropa moreagaz jantzita korrika egitera animatu dituzte herritarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!