Tellitun etxebizitzak eraikitzen hasiko dira laster, eta horrek zuzenean eragin du TAOn. Egoiliarrentzako 75 aparkaleku daude gaur egun bertan, eta aparkatzeko toki horiek herriko beste leku batzuetan egokitu behar ditu udalak. Gaurko udalbatzarrean aurkeztu dute landutako proposamena.
Onartutako aldaketak jasotzen duenez, Bidebarrieta kale osoa egoliarrentzako aparkalekua bihurtuko da — 85 leku gorde dituzte—, Herritarren Arretarako Zerbitzuaren (HAZ) alboan dauden 10-12 aparkaleku salbu; azken horiek txandakako-aparkalekuak izango dira. Maspe kalean ere izango da aldaketarik. Izan ere, txandakako aparkaleku gutxi batzuk gordeko dituzten arren, ia kale osoa egoliarrentzako gunea bihurtuko da. Bada, Bilborako noranzkoan dagoen autobus geltokiaren alboan aparkalekuak txandakakoak izango dira; baita Durangorako noranzkoan, baterian aparkatzeko direnak ere. Gainontzekoak egoiliarrentzat gordeko dituzte. Zubiaurre kalea ere egoiliarrentzat gorde dute.
Horrez gain, Ibarretxe kultur etxearen inguruan 45 aparkaleku — oinezkoentzako tuneletik gertuen daudenak— egoiliarrentzat gordeko dituzte. Hartara, guztira, 250 aparkaleku gordeko dituzte egoiliarrentzat, daudenak baino 35 gehiago, Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez. Txandakako aparkalekua sustatzen duen gune urdina izaten jarraituko du Askondo kaleak, beraz, guztira, 40 toki mantenduko dira txandakako aparkaleku moduan.
Ibarretxe kultur etxearen inguruan dauden beste aparkalekuak TAOtik kanpo geratuko dira, orain lez, eta, Paduretako aparkalekua ere gune libre moduan mantenduko dute. Bestalde, Belakortu zerrategia zegoen orubean, Bideondon, aparkaleku berria egokituko dute. Guztira 500 inguru aparkaleku izango dira libreak.
Aho batez onartu du udalbatzarrak proposamena. Jendaurrean egongo da 30 egunez TAOaren berrantolaketarako egindako proposamena.