Gune urdinean eta egoiliarrentzat gordetako lekuetan eragingo du berrantolaketak —Tellituko aparkalekuaz gain, Zubiarren eta Bidebarrietan ere badute lekua—. Baita orain arte libreak izan diren aparkalekuetan ere. Gaur egun, TAOk eragiten ez dien beste 300 lekutik gora daude aparkatzeko Ibarretxen eta Paduretan. Ez dute zehaztapenik eman, baina pentsatzekoa da leku horiek murriztuko direla TAOren berrantolaketagaz. Alkatearen berbetan, Tellituko egoliarrentzako aparkalekuak herriko beste tokiren batean sartzeko “puzzlea osatu” guran dihardute.
Bestalde, Aita San Migel plazaren inguruan aparkalekua egokitzeko aukerak ere aztertzen ari dira udal arduradunak, Belakortu zerrategia zegoen orubean. Gaur egun, San Migel jaietan barrakak jartzen dituzte bertan.
TAOren berrantolaketa martxoko udalbatzarrean onartuz gero, eta epeak betetzen badira, litekeena da ordenantza berria ekainerako indarrean egotea.
Aparkalekua 2007tik
Udalak 2007an egokitu zuen Tellituko lursaila aparkaleku lez. Orduan ere lotu zuen hitzarmena orubearen jabe den etxe eraikitzaileagaz. Bertan 17 etxebizitza eraiki eta 40 aparkaleku egokituko dira. Lanek 18-24 hilabete iraungo dute.