Martxoak 8

Berdintasuna aldarrikatuz, martxoaren 8ko ekitaldietan parte hartzera deitu dituzte iurretarrak

Aitziber Basauri 2018ko mar. 1a, 14:54

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunagaz bat eginez Maniki Erronka lehiaketa eta Milia Morea antolatu dituzte Iurretan. Udalak, Anderebide elkarteak, herriko ikastetxeek eta Gu Be Bai Runners taldeak elkarlanean egitarau zabala osatu dute, "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea eta emakumeekiko bereziketa guztiak deuseztea" helburu. Anderebide elkarteak deituta elkarretaratzea egingo dute martxoaren 8an, Askondo kalean, 11:30ean. Gaur aurkeztu dute osatutako egitaraua Ibarretxe kultur etxean.

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta errespetua sustatzea helburu hartuta, bi minutuko iraupena izango duen bideoa egiteko erronka luzatu du, aurten lehenengoz, antolatu duten Maniki Erronka lehiaketagaz. Martxoaren 12ra arte aurkeztuko daitezke taldeka, ikastetxeka edo elkarteko egin daitezkeen ikusentzunezkoak. Bi sailetan banatu dute lehiaketa: sei urtetik 16 urterakoak eta 17 urtetik gorakoak. Hori da martxoak 8ko ekitaldietako nobedade nagusia.

Horrez gain, hitzaldia eskainiko du Miren Agur Meabek, martxoaren 6an, eta, Monolokos antzezlana — Susana Soleto eta Javier Merino aktoreekin—  ikusteko aukera ere bai, hilaren 16an. Emakumeen afaria antolatu dute martxoaren 10erako eta, hilaren 17an, Milia Morea egingo dute. Emakumearen Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionala martxoaren 9an irakurriko dute, 19:00etan; egun horretan bertan, Goxoen lehiaketara aurkeztutako jakiak ere dastatuko dituzte. Antolatzaileek ekitaldietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!