2014an sortutako Gallanda proiektuaren jarraipena da, Ana Barturen ikastetxeko ordezkariak azaldu duenez. Proiektu hura “hobetzen” lan egin dute ikasleek.
1953an Doñiturri y Estancona fabrikan egin zuten ‘Estancona’ modeloa ardatz hartuta, kotxe elektrikoa egin zuten Iurreta ikastetxean duela hiru urte. Durangon 1953an fabrikatu zen kotxea da berau, eta Madrilen homologazioa lortu bazuen ere, ezin izan zuen seriean fabrikatzeko lizentziarik lortu, orduan azaldu zuten moduan.
Elkarlana oinarri hartuta
Heziketa ziklo bakoitzak dagokion alorrean egin du lan proiektuaren hobekuntzan. Hartara, administraritzakoak administrazio kudeaketaz arduratu dira eta automoziokoak autoaren motorraz eta horri lotutakoez. Mekanizaziokoek egitura, gurpilak, suspentsioa... izan dute langai, eta elektronikako ikasleek, berriz, klaxona, keinukariak, kotxea ireki eta ixteko modua... Informatika heziketa zikloko ikasleek mugikorrak emandako aukerak aztertu dituzte. Besteak beste, eguzki-energia lortzeko plaka jarri diote autoari, eta haize-sorgailu bertikala ere bai.
Barturenen berbetan, “ikasleek erronken bitartez lan egitea da proiektuaren helburua, eta arlo desberdinen arteko erlazioa erakustea”. Lantaldean ikasten dute ikasleek. “Helburu, proiektu edota erronka bat jartzen zaie, eta hori lortu behar dute elkarregaz lan eginez, euren trebetasuna eta abileziak erabilita”, adierazi du Barturenek. Horrela, “elkarren artean lana partekatu egin daitekeela erakutsi gura zaie”, gaineratu du.