Arginzoniz: “Nire ibilbide profesionalaren lehenengo lerroan joango da errekonozimendu hau”

Aitziber Basauri 2017ko uzt. 21a, 13:45

Maiztegi herri eskolako Guraso Elkarteak bultzatuta, omenaldi beroa egin diote ia 30 urtean Iurretan pediatra izan dutenari. Ezkutuan prestatutako ekitaldiak udal ordezkariak, kultur eta kirol elkarteetakoak, anbulatorioko lankideak, familiakoak, eta, nola ez, guraso eta umeak batu zituen. Sorpresaz eta hunkituta hartu du aitortza Arginzonizek. Argi du etorriko denak bikain egingo duela lana.

Omenaldi beroa egin dizute herrian!
Ez nuen inola ere espero. Hunkigarria izan da benetan; berbarik barik utzi naute. Merezimendu honetarako ezer berezirik egin dudan kontzientziarik ez dut! Curriculumaren, ibilbide profesionalaren lehen lerroan, gailurrean, joango da errekonozimendu hau. Umeekiko medikuntza errespetuzkoena egiten saiatu naiz, besterik ez.

Ia 30 urte Iurretan. Ibilbide luzea...
Bai, eta oso gustura egon naiz. Esan behar dut nik ere oso estimutan ditudala iurretarrak. Horren adierazle da 30 urte egon izana; lana ahalik eta ondoen egiten lagundu didate. Asko ikasi dut. Hasierak akaso ez ziren oso errazak izango, neurri batean nire esperientzia faltagatik, baina, hortik aurrera, gurasoekin lan egiteko aukerak bikainak izan dira. Pozgarria da hori. Hala ere, inoiz txarto artatua sentitu denari barkamena eskatu gura nioke. Behin pentsatu dut joatea: Durangon anbulatorio berria egin zenean, leihoengatik. 20 urte egin ditut leihorik barik kontsultan. Baina, ez naiz damu gelditu izanaz! Hori bai, leihoak eskatu nahi ditut lankideentzat.

Aldatu al dira umeak eta gurasoak?
Funtsean, ez. Umeek jokaera berdintsuak dituzte beti, toki guztietan, euren espontaneotasun eta beldurrekin; gurasoek ere bai, euren ahalegin, poz eta larritasunekin. Baina egungo gurasoek hobeto ulertzen dute gaixotasun biriko baten bilakaera, jarraipen lasaiagoa egiten diote. Ulertzen dute umeengan gaitz asko besterik barik osatzen direla, eboluzio naturalez. Hau da, ez dutela tratamendurik behar. Lehen oso arraroa zen errezetarik barik joatea.

Bilakaera bat eman da?
Bai, gizartearen arrakasta izan da. Aurrera egingo badugu, gurasoekin osatutako tandema martxan jarrita izango da. Oraingo pediatria umeekin errespetuzkoagoa da.

Erantzun ohikoa da umeak sintoma birikoak dituela...
Gogaikarriak iruditu arren, horrela da. Umeen gaixotasun  txiki ia gehienak birusak eraginak dira. Horren aurrean zerbaitek balio badu, bilakaera ikustea da. Gurasoen lan horrek ez du preziorik.

Pasarte bitxirik baduzu?
Unean barrea eragindako hainbat, gero ahaztu ditudanak. Gogoan dut erizainari eta bioi askotan sukaldea non genuen galdetzen zigun umea, edo Olentzerori bizikleta eta patatak eskatu zizkiona. Beste batek etxean manifestazioa egiten zuen goizetan: “Ikastola ez, Txema bai!”

Saharan ere egona zara.
Bai. Lau urtez joan nintzen. Asko ikusi eta ikasi nuen, tartean, zein zaila den gauzatzea ‘arrantzan erakutsi, arraina eman barik’ dioen maxima ezaguna. Hondurasen ere egon nintzen.

Pediatrak euskaraz jakitea beharrezkoa da?
Pediatra on bat izatea ala euskaraz jakitea da hobe? Ez naiz eztabaida horretan sartuko. Biak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak. Pediatra euskalduna behar da, eta horretan lan egin.

Irratian osasun gaien inguruan jardundakoa ere bazara.
Halako bertigoa ematen zidan zuzenean aritzeak, baina esperientzia interesgarria izan zen.

‘Bularretik mintzora’ ekimenaren barruan dago Iurreta.
Bai. 0-6 urteko umeengan irakurzaletasuna sustatu gura du: ­sehaska-kantak abestuz, ipuinak kontatuz... Horrek garapen emozionalean eragingo du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!