Meriem Aboubi: “Nire pertsonalitatea Iurretako jende askoren zatitxoek osatzen dute”

Markel Onaindia 2017ko uzt. 22a, 10:30

“Plazer bat da zuekin elkarbizitzea”. Mezu hori zabaldu zuen joan zen barikuan Abdelghani Aboubik, Iurretako Alhoda meskitaren inaugurazioan. Axura elkarteko presidentea da bera, familiagaz 14 bat urtez Iurretan bertan bizitzen dagoena.

Alaba Meriem arabe bezain euskaldun sentitzen da, eta euskara solte darabil. 21 urteko neska gaztea izan zen inaugurazioan jendeari harrera egin zionetako bat; izan ere, herriko elkarteei parte hartzeko deialdi zabala egin zieten. Herritar ugari elkartu ziren ongietorria emateko, tearen eta gozoen bueltan. Harreragaz pozik daudela azaldu  du Meriemek.

Herriko jende ugari batu zen barikuko inaugurazioan. Pozik zaudete?
Bai. Oso pozgarria izan da, Iurretan eduki dugun harrera oso beroa izan baita, ondo onartu gaituzte. Ez genuen uste hainbeste jende etorriko zenik. Herritik eta kanpotik etorri zen jendea, Bilbotik, Eibartik, Ermuatik... Meskita bat topaleku bat da guretzat; berdin da nongoa zaren edo nondik zatozen, hemen guztiok gara berdinak.

Zure aitak, elkarteko presidenteak, musulmanen irudi ona zabaltzeko garrantziaz berba egin zuen inaugurazioan. Badirudi zelanbait behartuta zaudetela biolentziaren aurrean jarrera bat hartzera.
Gai horregatik ipini ditugu leiho handiak, kanpotik barruan zer egiten den ikusteko. Ate irekiak egingo ditugu, eta jendeak galdetu ahalko du. Hedabideetatik ezartzen dizkiguten mitoak ezabatzeko, kontuan hartu gaitzaten. Meskitara doana erradikalizatzen dela eta arazoak sortzen dituela diote komunikabideek. Ez da horrela. Errealitatean, musulman ona meskitara doana da, bertan denbora pasa eta ezagutza arrazionala topatzen duena, hau guztia zergatik gertatzen den galdetzen duena. Koranak dio niretzat gura dudana desio behar dudala bizilagunarentzat. Pertsonak gara eta denok bezala akatsak egiten ditugu, baina mito horiek ezabatu gura ditugu. Gainera, hemen urte asko daramatzagu bizitzen; ni, esaterako, arabe bezain euskaldun sentitzen naiz.

Noiz etorri zineten Iurretara bizitzen? Euskaraz ederto moldatzen zara.
Lehen Hezkuntzako 2. mailan etorri nintzen hona, 7 urtegaz. Marokon jaiotakoa naiz, baina txikitan Arrasatera etorri ginen. Gero, handik Iurretara. Maiztegi herri eskolan ikasi nuen, eta gero Juan Orobiogoitia institutuan, batxilergoa. Iurretako jabetzakoa naiz dagoeneko [barrez]. Hemen hezi gara. Adin kritikoa nuenean etorri ginen hona, pertsonalitatea eraikitzen zaudenean, eta horrelako uneetan, inguruko jendeak laguntzen zaitu. Horregatik, nire pertsonalitatea Iurretako jende askoren zatitxoek ere osatzen dute. Elkarbizitza ona dago herrian, giro oso atsegina.

Axura elkartea Durangalde mailakoa da, ezta? Noiz sortu zen?
Hamar bat urteko ibilbidea du Axura elkarteak. Lehen Abadiñon egon zen meskita, eta hortik hona etorri gara. Askok osatzen dugu komunitatea, 500 bat pertsonak. Hala ere, meskitan denak batera ikustea oso arraroa da, bakoitzak bere ordutegia eta familia dituelako.

Meskita errezurako izaten al da bakarrik?
Normalean meskita bati buruz hitz egiten dugunean, Marokon edo beste herri musulman batean, errezurako soilik izan ohi da. Baina hemen ez gaude herri musulman batean, eta beraz, denetariko leku bat izan behar da. Topaleku bat, umeak elkartu eta giro musulmanean hezteko lekua... Adibidez, arabiar hizkuntza eta Korana ikasteko klaseak emango ditugu, islama era ludiko batean eta arrazionalki ezagutzeko. Ramadana eta behartsuei laguntzeko ekintzak ere erakutsi gura dizkiegu, eta irteerak egin. Sinismena ez dugu herentziazko gai huts bat izaterik gura.

Integrazioa da zuen helburuetako bat.
Hori da gure helburu handiena. Meskitara datorren jende guztiak Iurretan ekarpena egitea gura dugu; jaso gura dutena eman beharko lukete. Komunikazioa, hurbiltasuna eta parte-hartzea behar dira. Adibidez, Munduko Arrozen jaialdian egon gara aurten, lehen aldiz. Jaietako herri bazkarietan ere parte hartzea ondo legokeela uste dut.

Urtarriletik ibili zarete meskita egokitzen.
Jendea leku askotatik etorri da laguntzera. Meskitako obra Euskal Herriko musulman guztien elkarlan bat izan da, era boluntarioan egin dena. Margotzen, mozten, itsasten... Lan horretan ere islatzen da musulman onaren eredua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!