“Jai giroa alaitu eta lagunartean jotzeko izan da beti soinua; inoiz ez lehiatzeko”

Aitziber Basauri 2017ko eka. 30a, 15:30

Trikiti doinuek egingo diete ongietorria aurten ere Amatzako sanmartin jaiei. Donien Atxa igota, dantzariek azken entsegua eskainiko dute, eta gero III. Trikiti Jaialdiari emango zaio hasiera. Jaien biharamuna pasatuta, I. Markina-Xemeingo helduen trikiti txapelketan joko dute Petite neba-arrebek. Estreinakoz lehiatuko dira, eta egun horretarako kopla batzuk ere sortu dituzte.

Nola jaio zen trikiti jaialdia?  
Ainara Petite: Auzoan beti jo dugu soinua; oso sartuta egon da beti.
Hegoi Petite: Hala da, eta inguruko lagunekin erakustaldia egitea pentsatu nuen; urtero etortzen diren Durangoko Ainhoa eta Eneritzegaz, adibidez. Haiekin ikasi genuen guk. Horretarako, irakasle izan nuen Arkaitz Aiurregaz jarri nintzen kontaktuan. Azkenean, indar handiko jaialdia lortu genuen. Dirurik eta azpiegiturarik barik sei bikote batu genituen 2015ean, hori bai, bizkaitarrik batere ez.

Hasiera indartsua izan zen?  
H.P.: Bai, eta eutsi gura genion. Ideia ondo hartu zuten udalean ere, eta Amatza trikiti elkartea sortu genuen. Aspaldi Iurretan egiten zen trikiti jaialdia, Errosario egunez. Hori berreskuratzea ere gura genuen.
Huntza, Kupela, Eneritz eta Edurtzeta... etorri ziren iaz. Aurten, Laja eta Landakanda. Badira nor!
H.P.: Inork ez zuen ezagutzen iaz Huntza. Orain, berriz....  Hala ere, bikote guztiak dira oso onak. Trikiti munduan dira batez ere oso ezagunak.
A.P.: Laja eta Landakanda ere izen handikoak dira. Jubilatzeko dira, baina etorriko dira.

Zaleentzat plaza handia izango da Amatza aurten ere?
H.P.: Bai. Zabaletak eta Motrikuk, adibidez, Kepa Junkeragaz jotzen zuten. Iurretan hasi ziren hirurak trikitia jotzen, Tiliñoren bitartez. Junkerak izan du oihartzuna, baina Zabaleta eta Motriku ere oso onak dira.

Entzun dugu afalostekoa dela berezia.
H.P.: Politena da! Gaurko egunez trikitizaleak batzen gara, eta trikitilari piloa. Denok jotzen dugu eta giro berezia sortzen da. Iaz, 200 lagun batu ginen afaltzeko. Gurean halako jaialdia antolatu eta ikusteko aukera gura genuen. Gero konturatu gara jende asko erakarri dezakeela.
A.P.: Auzo bat izanik, ea larregitxo ez ote zen esan ziguten hasieran.

I. Markina-Xemeingo helduen trikiti txapelketan ere joko duzue. Lehenengoz?
H.P.: Bai. 10 urtegaz hasi nintzen soinua jotzen ikasten, eta baditut abesti indartsu batzuk. Hala ere, ez dut inoiz horiek defendatzeko aukerarik izan. Neuk animatu nuen Ainara, norbere buruari presio pixka bat egin eta abestiotan sakontzeko, murgiltzeko aukera zela ikusi nuen-eta. Gerora ikusi dut mailako trikitilariekin lehiatuko garela (barrez): Amatzan egongo diren Leire Zumeta eta Amaia Arza, edo Eneko Dorronsoro —Los Zopilotes Txirriaosen jotzen du— , adibidez.
A.P.: Jai giroa alaitu eta lagunartean jotzeko izan da beti  soinua guretzat. Inoiz ez lehiatzeko. Erronka da guretzat. Hala ere, ondo pasatzera, esperientzia berri bat bizitzera goaz.

Argazkilaria zara, Ainara. Izango da argazkirik txapelagaz?  
A.P.: Pentsaezina da horrelakorik! Ez noa horretara. Oso lotsatia naiz. Irrintziren bat botatzen nuen txikitan; orain, batere ez. Animatuena, alaiena, grazia duena panderojolea izan ohi da. Soinujolea jotzera mugatu ei da. Gure kasuan alderantziz da. Erronka handia da niretzat.

Chapito Guzmanen jotzen duzu, Hegoi. Soinua edozein egoerara moldatzen da?  
H.P.: Edozein erritmora moldatzen da. Iaz Amatzan egindako debuta ez zen oso ondo joan, baina hobetu egin dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!