Iurretan hasi eta amaitu den etapa Birako laburrena izan da 50 kilometrorekin. Ale Cippolini taldeko Marta Bastianellik bere dohaiak erakutsi ditu esprintean eta lehenengo tokian zeharkatu du helmuga. 30 urteko italiarrak munduko errepideko txapelketa irabazi zuen 2007an. Aurtengo bigarren garaipena du Liberazione Sari Nagusiarekin batera. Atzo tarteko helmugetan onena izan zen Durango-Durango Emakumeen Sarian.
Bastianelliren atzetik Gracie Elvin (Orica) eta Katie Archibald (Team WNT Pro Cycing) sailkatu dira, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren tokietan. Bira irabazteko faborito nagusia den Annemiek Van Vleuten (Orica) seigarren izan da.
Euskaldunei dagokienez, Ane Santesteban (Ale Cippolini) errenteriarra izan da etapako lehenengo euskalduna, Bizkaia-Durango taldeko Lourdes Oyarbide eta Lierni Lekuonaren aurretik. Oyarbide erori egin da, baina kastadun txirrindularia dela erakutsiz, etapan jarraitzea lortu du. Ziortza Isasi elorriarra (Lointek) ere erori egin da, belaunean kolpea hartu du eta Emakumeen Bira utzi behar izan du.