Aire bonbardaketak, italiarrek Tripoli inguruak bonbardatu zituztenean hasi omen ziren 1911 urtean. Berdin bonbardatu zituzten Frantziak eta Espainiak Maroko aldeak 1912an eta1913an. Kolonialismoa eta gorroto arrazista aipatu behar dira halako bonbardaketak konprenitzeko: herri urrunak bonbardatzen ziren, biktimak ezagutu gabe eta aintzat hartu gabe.
Baina, behin urrun probatu eta ondo aterakoa, bertako borroketan ere laster hasiko zen erabiltzen. Lehen Gerra Handian bonbak Europan hasi ziren jausten 1914 eta 1919 bitartean, alemanek, frantsesek, ingelesek eta italiarrek jaurtiak bata bestearen kontra.
Oraintxe ehun urte hasi zen europar industria aeronautika militarra bonbardari handiak seriean fabrikatzen bonbardaketa estrategikoak egiteko Europan bertan. 1917ko udaberrian, alemanek motor biko Gotha GIV aireontziak fabrikatu zituzten Londres erasotzeko. Royal Air Force sortu berriak, berriz, antzeko beste bat fabrikatu zuten, Handley-Page izenekoa, Alemaniako hirietara heltzeko.
Harrezkero, gerra ez zen fronteko gauza izango. Mendebaldeko estatu handien arteko borrokak zeuden, eta estatu bakoitzaren barruan klase borrokak eta bestelakoak, eta, alde teorikotik ere orduantxe eman zitzaien bonbardaketei sostengua: Frederick W. Lanchester, Erich Ludendorff, Giulio Douhet, eta enparauek osatu zuten airetiko suntsiduraren teoria. Teoriko guztiek, azkenean, ebidentzia bat errepikatzen zuten: gerrak etsaiaren erretaguardian irabazten direla eta, fronteko lubakietan endekatu beharrean, haien hiriburu irekiak ahalik eta gehien kaltetzea dela errazena. Giulio Douhet italiarrak Il dominio del aire liburuan, hiru lehergai mota erabiltzea proposatzen zuen: leherkariak, su eragileak eta airea pozoitzekoak.
Lehen Gerra Handia hastean, britainiarrek bonbardatzeko gauza ziren 100 aireplano zituzten eta, gerra amaitzean, 23.000. Imajinatu zenbat bider multiplikatuko zen suntsidura. Sobratu zitzaizkienekin zer egin zuten? Non eta, Iraken erabili zituen Britainia Handiak 1922tik 1932ra arte, Irakiarrak kolonialismoaren aurka hasi zirenean altxatzen. Britainiarrentzat, bonbardaketak oso eraginkorrak omen ziren, merkeak eta, luzarora begira, humanitarioak, epe laburrean amaitzen zutelako intsurrekzioa.
Tripoli edo Xauen, Somalia edo Irak bonbardatzen zituzten mendebaldarrek zibilizazioaren eta bakea egitearen prestigioarekin. Harrigarria da militar horiek eurek gero Durango edo Gernika bonbardatzea argudio berberekin? Eta Madril, Santander, Almeria, Cartagena, Sagunto, Valencia, Tarragona, Barcelona, Almeria, Granollers, Figueres edo Port-bou eta abar, Gerra Zibilean. Eta Londres, Coventry, Birmingham edo Manchester, eta abar, non 60.000 biztanle hil zituzten alemanek. Eta Lübeck, Kolonia, Manheim, Dresden, Berlin, eta abar, non eta 600.000 pertsona hil zituzten ingelesek eta amerikanoek. Bonbardaketa atomikoa ere laster heldu zen, gero, Hiroshiman eta Nagasakin.
Gero helduko ziren Korea eta Vietnam, Belgrado eta Panama, Afganistan eta Irak berriro, Libia eta abar; eta abar esan behar behin eta berriz historia amaigabe horietan. Bonbardaketek jarraitzen dute, eta telebistan bonbardaketak ia zuzenean ikusteko ondoez arrarora izaten dugu ia egunero: Alepo, Mosul, eta abar, egunotan.
Durangoko bonbardaketaren 80. urteurrena eta bonbardaketa etengabeen mendea betetzean, galdetu behar da: ehun urte ari direla zibilizazioaren eta boterearen izenean bonbardatzen, eta noiz arte?
Tresna moduan jaio zen industria aeronautiko militarra, ez al da minbizi ekonomiko-politiko legez hazi, autonomia hartu eta bilakatu gizartearen beraren kontra? Armen industriak ez al ditu, gerra batzuk amaitu orduko, beste gerra batzuk behar, bere produkzioa bideratzeko?
Terrorismoa bada Europako hirietan islamista bakarti batek hilean behin 3 edo 4 pertsona akabatuz hiltzea, zer da Ekialdeko hirietan kontseilu politiko-militar oso profesionaletan erabakiak hartu eta aire bonbardaketaz egunero 300 edo 400 pertsona hiltzea?
Horientzat ez dago izenik? Estatu demokratikoak dira horiek? Zibilizazioa eta bakea zer den erakusten diotenak mundu guztiari? Bonbardaketa merkea eta, luzarora begira, humanitarioa dela esaten digute oraindik, epe laburrean konpon daitekeelako horrela arazoa, esaten digute mendebaldar zibilizatu bakegileak. Gezurra behin eta berriz onartzen da edo, jendearen indiferentzia eta asperduragatik, pasatzen da. Ez al dute bonbardaketa sistematikoen autoreek, diruaren eta armen jabeek, informazioaren eta hitz egin behar dugun lengoaiaren ere jabetza?
Gure sorterriko memoria historikoa, biktimen testigantza eta oroimenaren oroimena lantzeaz aparte, egun egunekoak diren galdera larri hauek nahi nituen 2017ko martxoaren 31 honetan azaldu.