Durangoko Azokarako liburua idatzi duzu Jesus Mari Arruabarrenagaz eta Txelu Angoitiagaz batera. Zelan gogoratzen dituzu lehengo sasoiak? Zelan jarraitu duzu azoka urrunetik?
Zortzi edo bederatzi urterekin joango nintzen Azokara lehenengoz, Andra Mariko elizpean egiten zenean. Martxanterak ere han lekuren batean izango ziren orduan. Gauza berezia zen, euskararen aterpea; euskal astea derrepente erdal urtean.
Azokaren sortzaile Gerediaga Elkartea urte hartan jaio zen. Haiek bai gazte ausartak, ezta?
Ausartak izan behar sasoi hartan, euskara korrontearen kontrako gauza zelako. Euskara hiritik kanporatuta zegoen. Mendikoen gauza zen bakarrik, eta hori denok asumitzen genuen era batean edo bestean.
Zure idazlanetan sarritan agertu izan da inguru hau: Garaizar, Goiuria, Iurreta, Durango... ‘Akordatzen’ liburua edo ‘Ibaia’ abestia dira seguruenik adibide esanguratsuenak. Idazteak herrimina leuntzen lagundu dizu?
Herriminik ez daukat ja. Baina memoria bai, ume denborarena ere bai. Ni erdi memorian bizi naiz, batzuk Elorrion eta beste batzuk Brasilen bizi diren lez. Ni Memoriako herritarra naiz. Gure Ibaizabal estuari egin nion letrak, Ruperren balsarekin, poza eman dit: bideo baten bertako jendeak abestuta entzutea ederra izan da niretzat.
Ia 30 urtez zara iheslari. Iheslariaren denbora ez al da eteten ihes egunean?
Urte askotan ibili naiz ihesean, polizia atzetik nuelako, eta iheslaritzat nuen nire burua. Ja ez dut uste, oraindik exiliatua naiz, baina ez nuke iheslaria naizenik esango, sedentario bizi naizelako. ‘Iheslaria’ zarela esanda korrika zabiltzala ematen du.
Urteotan literatur lan ugari argitaratu dituzu. Ordenagailu aurrean ordu asko pasatzekoa zara?
Idazmakina zahar bat daukat hor, tekletako letrak borratuta dituena, eta ez didate sinetsiko orduak ematen ez ditudanik horretan. Baina nik idaztea baino nahiago dut irakurtzea, eta baten batek idazletzat hartzen nauenean, gogoa ematen dit korrejitzeko, irakurlea naizela esateko.
Egunero idazten duzu?
Egunero-egunero ofizinisten moduan ez. Baina idazlanen bat gogoan izanez gero bai, Moroen liburua [Moroak gara behelaino artean?] idazten, esate baterako, urteak pasatu nituen ia egunero beharrean, eta aparteko ordu askorekin.
Hausnarketa ere egin izan duzu zure lanetan, eta hausnarketa politikorako liburu berri bat dakarzu aurten: “Lapur banden etika ala politika” deitzen da.
Bai, politika deitzen den horren gaineko nire iritziak esplikatzen saiatzen naiz. Saiakera Felipe Alañari dedikatu diot.
Felipe Alaña?
Durangoko lagun bat zen, Mataderokoa. Familiaz Otxandiokoa. 1978an edo, Iparraldera joan zen. Ez dut berari buruz ezer jakin orain egun batzuk arte. Hil dela eta errautsak bota behar zituztela Bakion-edo. Bestela ere aipatzen zen liburu horretan.
Zergatik aipatzen duzu?
Anekdota bat kontatzen dut. 16 edo 17 urte genituela, bertsolaritzari buruzko hitzaldi bat antolatu genuen Jesuitetako zinean, eta Guardia Zibilak kuartelera deitu gintuen. Sasoi hartan hitzaldien testua entregatu behar izaten zen astebete lehenago, makinaizkribua, itzulpenarekin eta kopiekin. Mugartegik bertso pare bat bota zuen, eta ez zeuden guk entregatutako paperean.
Bat batekoak baziren…
Horixe, eta kuarteleko sarjentuak exijitzen zigun inprobisatutakoa ere astebete lehenago izan behar zuela berak, itzulpenarekin eta kopiekin. Inprobisazioa zer zen azaltzen ahalegindu ginen Felipe eta biok, eta ez zigun ulertu. Uste dut haserretu egin zela gurekin, ulertu nahi ez zituen gauzak esplikatu nahi genizkiolako.
‘Lapur banden etika ala politika’-n, kritika politikoaz gainera, autokritika ere badagoela diote. Gure artean autokritika falta dela uste duzu?
Bai, hemen besteari bota diogu beti errua. Gure burmuin-tramankulua horrela dago eginda, besteari botatzeko errua.
‘Herrira noa’ abestian zera zenioen, besteak beste: “Gerra eta zoritxarra, ez da ezinbestekoa”. Gatazkak sufrimendua eragin du, eta oraindik ere badirau. Elkar barkatu edo elkar ulertu behar dugu?
Klaro ez dela ezinbestekoa, ergelkeria da gerran ibiltzea, baina, aldi berean, horixe da duguna, betidanik izan dena. Gerra luzetik gatoz: ni gaztea nintzela tiro zuloak ikusten ziren Kurutziagako etxe hormetan, eta indartsuenaren legea zen nagusi. Orain ere horrela dago mundua, Erromatarren sasoian bezala, besteak zanpatzeari eta bonbardatzeari, dena kontrolatzeari deitzen zaio bakea. Munduan dauden desberdintasun ekonomikoak eta injustiziak estatu poliziako eta militarizatuz baizik ezin dira mantendu.
Duela urte eta erdi, erabakitzeko eskubidea eskatu zuten 150.000 lagunek baino gehiagok Durangotik Iruñerako giza katean. Herritarren esku egon ahalko da erabakia? Eta zelan begiratzen diozu Kataluniako bideari? Badoaz?
Espainia da emaztea gaizki tratatzen duen eta dibortziatu nahi ez duen senarra bezalakoa. Ez da konturatzen maite badu eta bestearekin bizitzea nahi badu, ezin duela horrela tratatu, eta etxean nahi ez badu, ere ez. Etxetik irteten, paseo bat ematen ere ez dio utziko. Seguru biolentzia domestikokoen antzeko portaerak izango dituela Espainiak Kataluniarekin hemendik aurrera.
Asko berba egin da zure itzuleraz. Ilusioa duzu? Martin Larralde ez zen sekula itzuli, baina bere eran arantzak barrurantza itzulita lez sentituko zara?
Bai, abesti horretako pertsonaia Martin Larralde Bordaxuri da, galerianoa, galeretan hil zena, Hazparnetik urrun. Ni ez nabil hainbesteko zoritxarrarekin, eta bueltatuko naizela uste dut. Arantza batzuk barrurantz itzulita, nork ez ditu bada? Okerragoa litzateke kirikinoak bezala, eztenak besteei sartzeko izatea.
Liburu berri bi, oroimena eta hausnarketa lantzekoEstilo ugaritako idazlea da Joseba Sarrionandia. Ipuinak, poemak, narrazio luzeak, saiakerak... Euskal literatutako egile garrantzitsuenetarikoa da, eta pentsalari lez ere eragin handikoa. Hor dago, esaterako, hainbeste hauts harrotu zituen Moroak gara behelaino artean? saiakera liburua. Durangoko Azokan arrakasta handiko liburuak aurkeztu izan ditu, eta aurten lan berri bi dakartza. Batetik, Durangoko Azoka 1965-2015 liburuan parte hartu du, Jesus Mari Arruabarrena eta Txelu Angoitiagaz batera. Bere umetako akorduak hartu ditu sorkuntzarako oinarri. Bestetik, Lapur banden etika ala politika saiakera argitaratu du. Gogoeta politikoak kritikatik eta autokritikatik landu ditu. Mondragon Unibertsitateko graduondoko baterako berbaldi bi idatzi zituen Sarrionandiak, eta horiek daude oinarrian. Azken hamarkadetako bilakaera aztertzeko 24 testu daude lehenik, eta bigarrenik, ikasleek egindako iruzkinak. |