Habanako euskal institutuko arduraduna izango da Joseba Sarrionandia

Itsaso Esteban 2016ko aza. 3a, 10:05

Etxepare Euskal Institutuak atzo zabaldu zuen oharrean azaldu zuenez, euskal kultura irakurletza berria zabalduko dute Kubako Habana hiriburuan, eta Joseba Sarrionandia idazlea  (Iurreta, 1958) izango da bertako irakurlea. Sarrionandiak zehaztuko ditu programa akademiko horren edukia eta iurretarrak izango du gainerako ekintzen ardura ere.

Etxepare Institutuak eta Habanako Unibertsitateak 2015ean sinatu zuten lankidetza hitzarmen bati esker hasiko da Euskara eta Euskal Kultura irakurletza berria martxan.

Azaroaren 22an, Euskara hizkuntzaren historia izenburuko ikastaroagaz ekingo diote programari, eta zehaztu dituzte urte amaierara arte egingo dituzten beste hainbat ekintza ere: abenduaren 5ean, esaterako, Amama filma aurkeztuko du Asier Altunak Habanako unibertsitatean. 2016 urte amaiera honetan, gainera, Blas de Oterok Habanan eman zituen urteak edota Jose Antonio Agirrek Kuban bizi izan zuen erbestea izango dituzte, besteak beste, aztergai. 

Programa eta ekintza akademiko horien osagarri, Kubako hiriburuan euskal kulturaz ikertu gura dutenei beste hainbat baliabide ere eskainiko dizkie Etxepare Institutuak, hala nola, euskal biblioteka bat, zineforum bat, edota aldizkari bat. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!