2017an Emakumeen Bira ez antolatzeko arriskuan dago. Gaur egungo egoera eta baldintzetan ez dute antolatuko. Aurten egoera berean aurkitu dira, baina beste arrazoi batzuengatik. UCIk estaldura mediatiko handiagoa eskatu zien Women World Tourrean (WWT) sartzeko baldintza moduan; batez ere telebista bidezko zuzeneko emankizuna bermatzea nahi zuten. Egoera hura bideratzea lortu zuten, baina datorren urteko aldiari begira beste arazo batekin aurkitu dira: WWT-eko egutegian tokia egitea Emakumeen Birari.
UCIk-k otsailean egitea proposatu die, baina ezetz erantzun dute baldintza klimatikoengatik: “Ezin gara arriskatu. Egun bateko lasterketa balitz akaso bai, baina bost eguneko lasterketa bat dela kontuan hartuta ezin daiteke izan. Esaterako, elurra egingo balu, beharbada Birako lasterketa denak bertan behera utzi beharko genituzke”, azaldu du Emakumeen Bira ZKE-ko Agus Ruizek.
Aurtengo aldia apirilean antolatu dute. Berez hile egokia dela uste dute antolatzaileek, baina UCIk egun bateko WWT lasterketa sartu du data berdinetan: “Ondorioz talderik onenak ez lirateke etorriko. Guk Bira saldu dugun moduan saldu dugu, onenak etorriko direla esanez eta ezin dugu babesleekin eta telebistakoekin gezurretan ibili”.
Ruizen esanetan, “guk hasieratik esan genien apirilean, maiatzean edo ekainean izan behar zuela”. UCIren erantzunaren zain daude: “Beste data aproposago batekin erantzuten badigute hausnartuko genuke”, segurtatu du: “Aurtengo aldian telebistako hedadura eskatzen zuten eta lortu genuen. Bidali genien EITBrekin lotutako hitzarmenaren dokumentua, dossierra zein dokumentazio osoa eta ordaindu genituen 1.000 euro izena emateko. Eta horren guztiaren ostean honekin datozkigu. Ilea hartzen ari zaizkigun sentsazioa dut. Pausuk ematen ditugu eta ordainetan trabak besterik ez ditugu jasotzen”.