Emakumeen Bira

ETB prest dago Emakumeen Birari behar duen zabalkundea emateko

Anboto 2015ko aza. 26a, 17:42

Antolatzaileek akordioa “ia itxita” dagoela jakinarazi diote UCIri. Era berean, UCIk ez dienez erantzuten, Birako data finkatzea erabaki dute: 2016ko apirilaren 13tik 17ra izango da World Tourrean sartu zein ez.

Emakumeen Birak etxeko lanak egin ditu. UCIk esan zien  Bira World Tourrean sartzea hausnartuko zuela, baldin eta estaldura mediatikoa handitzen bazuten. Zehazki, azken etapako amaiera zuzenean eskaintzea nahi zuten eta aurreko etapetan, egunean bertan, ordubeteko laburpena eskaintzea. Baldintza horiek bermatzeko prest daude ETB eta Eusko Jaurlaritza. Horrela jasotzen du antolatzaileek UCIri bidalitako gutunak. Akordio “ia itxita” dagoela jakinarazten dute. Azken etapan ordubeteko zuzeneko emankizuna eskainiko luke ETBk eta aurreko etapetan laburpen zabala.

Etxeko lanak egin barik dituena UCI da. Birak UCIri —Espainiako Txirrindularitza Federazioaren bitartez— helarazten dizkion eskaerek ez dute erantzunik jasotzen. Ezin dute gehiago itxaron eta Biraren data zehaztu dute: 2016ko apirilaren 13tik 17ra izango da. UCIri bidalitako gutunean horixe jakinarazten dute. World Tourrean sartu zein ez, egun horietan egingo dute Emakumeen Bira. Data aldaketaren berri jasotzen dute gonbidapenak taldeei  bideratzen hasi direla eta badiote.

Esan moduan, Espainiako Federazioa dabil bitartekari lana egiten eta hark birbidaliko du gutuna nazioarteko erakundera. Pilota UCIren teilatuan dago orain. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!