Brasilgo IronManeko podiumak munduko txapelketarako sailkapena segurtatu dio Gurutze Fradesi

Anboto 2016ko mai. 30a, 16:24

Gurutze Frades eskuman, Brasilgo podiumean (Facebook: Gurutze Frades)

Triatleta iurretarrak hirugarren amaitu du Brasilgo IronMana. Gainera, batutako puntuekin, Kona herrian —Hawaii— jokatuko den munduko txapelketan parte hartzeko txartela segurtatu du.

2014an bere kirol ibilbideak jarraitu beharreko norabidea berregituratu zuenean, IronMan probei adarretatik heltzeko oinarriak jarri zituen Fradesek. Orain, ibilbide-orri gogor horrek (bizikletan kilometroak eta kilometroak Tafallako belodromoan zein Mediterraneoan, garaieran —Sierra Nevada— egindako egonaldiak, eta, oro har, bere dohaiak hobetzera bideratutako entrenamendu-agenda exigentea) ekarritako fruituak jasotzen ari da. Brasilen lortutako podiumari (9.15.52) aurretik lortutako beste emaitza bikain batzuk gehitu behar zaizkio: Vichy IronManekogaraipena, Malaysiko IronManean eta Turkiako IronMan erdian lortutako bigarren postuak eta Mallorkako zortzigarren postua.

IronMan horietan urriaren 8an Hawaiiko Kona herrian jokatuko den munduko txapelketara sailkatu ahal izateko puntuak banatu dituzte. Fradesek uzta oparoa batu du eta Brasilen errematea falta zitzaion. Hori baino gehiago lortu du. 4.180 puntu zituen eta 2.890 gehiago batuta, 7.070 puntugaz Kona Pro Rankingeko zortzigarren tokian kokatu da. Azkar esaten da: IronManen mundu mailako sailkapeneko zortzigarren emakumea Durangaldean, Iurretan, bizi da. Lehenengo 35 sailkatuek parte hartuko dute munduko txapelketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!