Larrakozelaiaren erabilera

IKT-k futbol zelaiaren erabilera kendu gura dio Gertasporti

Anboto 2016ko mar. 30a, 11:33

Iurretako Kirol Taldeak iragarri du Larrakozelaia futbol zelaiko “berrerrentari bakarra” den heinean, Gertasporti ez diotela azpiegitura hori erabiltzen utziko maiatzaren 30etik aurrera. Gertasporten dabiltzan umeek “Iurretako futbol eskola berrian zein oinarri-futbolean tokia izango dute”.

Iurretako Kirol Taldeak bere webgunean argitaratutako komunikatuan eman du erabakiaren berri. Larrakozelaia eraikita dagoen “lurzoruko jabeak Iurretako kofradiak dira”, azaldu dutenez: “Beraz azpiegiturak ez dira %100ean udalarenak. Kofradiek errentan emana diote udalari eta udalak, aldi berean, Iurretako Kirol taldeari. Beraz, gure kluba da Larrakozelaia kudeatzen duena”.

Horiek horrela, IKT “zelaiko berrentari bakarra” denez, Gertasporti azpiegituren erabilera gehiago ez uztea erabaki du: “Bere sasoian  klubak futbol eskolaren kudeaketa utzi  zion moduan, orain azpiegiturak gehiago ez uzteko eskubidea du”. Erabakia maiatzaren 30etik aurrera sartuko dela indarrean azaldu dute, alde bien arteko hartuemana amaitutzat ematen dutenean. Gertasporti burofax bidez eman zioten erabakiaren berri otsail amaieran. Gutun horrek jasotzen duenez, “gure eskaerari uko egitea erabakiz gero, akzio legalak martxan jartzeko obligazioan aurkituko gara”.

Gertasporten dabiltzan umeek “Iurretako futbol eskola berrian zein oinarri-futbolean tokia izango dute nahi baldin badute”.

Larrakozelaiaren historia

1984an egindako futbol zelaia “herritarren partetik jasotako aportazio txikien bidez egin zen eta ez diru publikoagaz”, diote. 26 milioi pezeta kostatu zen: 10 milioi kofradiek jarri zituzten, 3 milioi Durangoko Udalak —Iurreta 1990ean desanexionatu zen Durangotik— eta gainerako 13 milioiak Iurretako Kirol Taldeak. IKT-k askotariko ekimen eta kanpainak egin zituen dirua batzeko: Guinnes errekorra lortu zuen baba jana, txarriboda, errifak… “Herritar denek parte hartu zuten ekimenetan eta herritar askok aktiboki parte hartu zuen futbol zelaiaren eraikuntzan eta mantenimenduan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!