UCIk atea ireki dio Birari 2017ko WWT egutegian

Anboto 2015ko abe. 16a, 19:11

Emakumeen Bira 2016an ez da Women World Tourrean izango, baina bai 2017an telebista bidezko emankizuna bermatzen badute.

2016ko Emakumeen Bira WE 2.1 mailakoa izango da. Nazioarteko egutegian jarraituko du, aurreko urteetako izendapen berdinagaz, baina sortu berri duten WWTa baino koska bat beherago. Baina 2017an Bira WWTan sartzeko prest dago nazioarteko txirrindularitza erakundea. Horixe baieztatu dute Emakumen Bira Ziklismo Kirol Elkarteko arduradunek.

Dataren aldetik, behintzat, ez dago arazorik. 2016an ekainean beharrean apirilean —13tik 17ra— antolatuko dute eta UCIk aldaketa hori onartu du. Antolatzaileek data hori aukeratu izana ez da kasualitatea: egun horietan ez dago nazioartean beste emakumezko lasterketarik. Beraz, 2017ra begira dataren gaineko etxeko lanak eginda daude.

Baina 2017an WWTan egoteko nahi eta nahi ez zaindu behar duten alderdia telebista bidezko emankizunarena da. Birako antolatzaileek hasieran duda egiten zuten egutegian sartutako proba denek atzetik telebistarik ba ote zuten, baina proba denak aztertu ostean, baldintza hori denetan ematen dela konturatu dira: denek dute telebista bidezko emankizuna. Beraz, bere sasoian lortutako akordioari eusteko eskatuko diote ETBri: hau da, WWTan egon ez arren, 2016an azken etaparen amaiera zuzenean emateko eta aurreko etapetan laburpenak eskaintzeko egunean bertan. Horrela, UCIren aurrean aurrekari bat ezarri eta sinesgarritasuna irabaziko luketela uste dute.

2016rako 14 talde momentuz

Horiek horrela, datorren urteko Bira antolatzen dabiltza. Momentuz 14 taldek baieztatu dute parte hartzea. Hauek dira: Alé Cipollini (Ane Santestebanen taldea), Bizkaia-Durango, Boels Dolmans (iaz bigarren talderik onena izan zen Biran Rabobank-en atzetik), BZK Emakumeen Bira, Cylance Pro-Cycling (AEBetako taldea), Drops Cycling Team, Lares-Waowdeals (talde ingelesa), Lensworld-Zannata-Etixx (talde belgikarra), Lointek, Michela Fanini, Norway National Team, Poitou-Charentes Futuroscope, Espainiako Selekzioa eta Vitalogic No Radunion (talde austriarra).

Gainera, aurtengo aldiko nobedadea errepikatuz, 2016ko lehenengo etapa erlojupeko prologo bat izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!