Emakumeen Birak etxeko lanak egin ditu. UCIk esan zien Bira World Tourrean sartzea hausnartuko zuela, baldin eta estaldura mediatikoa handitzen bazuten. Zehazki, azken etapako amaiera zuzenean eskaintzea nahi zuten eta aurreko etapetan, egunean bertan, ordubeteko laburpena eskaintzea. Baldintza horiek bermatzeko prest daude ETB eta Eusko Jaurlaritza. Horrela jasotzen du antolatzaileek UCIri bidalitako gutunak. Akordio “ia itxita” dagoela jakinarazten dute. Azken etapan ordubeteko zuzeneko emankizuna eskainiko luke ETBk eta aurreko etapetan laburpen zabala.
Etxeko lanak egin barik dituena UCI da. Birak UCIri —Espainiako Txirrindularitza Federazioaren bitartez— helarazten dizkion eskaerek ez dute erantzunik jasotzen. Ezin dute gehiago itxaron eta Biraren data zehaztu dute: 2016ko apirilaren 13tik 17ra izango da. UCIri bidalitako gutunean horixe jakinarazten dute. World Tourrean sartu zein ez, egun horietan egingo dute Emakumeen Bira. Data aldaketaren berri jasotzen dute gonbidapenak taldeei bideratzen hasi direla eta badiote.
Esan moduan, Espainiako Federazioa dabil bitartekari lana egiten eta hark birbidaliko du gutuna nazioarteko erakundera. Pilota UCIren teilatuan dago orain.