Gurutze Frades: "Ez nuen espero nire mailan hain salto inportantea ematea aurten"

Anboto 2015ko aza. 18a, 09:48

Iron Manen rankingean munduko hamar onenen artean amaitu du aurtengo denboraldia eta 2016ko munduko txapelketara sailkatzeko aukera handiak ditu Gurutze Fradesek.

Zenbat eta gorago aritu orduan eta zailagoa da salto kualitatibo bat ematea, baina Gurutze Fradesek (MugarraTT) jauzi berri bat ematea lortu du aurtengo denboraldian. Iron Man-etan sekulako emaitzak lortu ditu eta esku-eskura du 2016an Hawaiiko munduko txapelketan parte hartzeko sailkapena: “Ez nuen espero nire mailan hain salto inportantea ematerik aurten”, onartu du iurretarrak. Datorren denboraldia erronka berri eta kitzikagarriz betea izango du. 34 urtegaz bere sabaia bilatzen ari da oraindik iurretako triatleta bikaina.

Abuztuaren 31n Frantzian lehiatutako Vichy Iron Manean lortutako garaipena mugarri bat izan zuen: “Ahalik ondoen egitera nindoan eta postuaren arabera erabakiko nuen Iron Manetan zentratu edo ez. Irabaztea itzela, ikaragarria, izan zen eta argi ikusi nuen norantz jo”.

Munduko txapelketako rankingerako 2.000 puntu batu zituen. “Puntu asko ziren, baina asko falta zitzaizkidan”. Espainiako distantzia luzeko txapelketa sakrifikatu zuen beste helburu handiago bat bilatzeko: 2016ko Munduko Txapelketa Hawaiin, triatleten Mekan. Azken hilabetea etxetik kanpora eman du. Turkiako Iron Man erdian bigarren amaitu zuen, eta joan zen asteburuan postu bera errepikatu zuen Malaysiako Iron Manean. Korrika erakustaldia eskaini zuen. Bizikleta zortzigarren tokian utzi eta bigarren amaitu zuen (09.49.09), sei bider munduko txapelduna izana den Natascha Badmann-en aurretik.

Orain atseden hartuko du. Kona Pro Rankingeko hamargarren tokian dago, eta datorren denboraldi hasieran munduko txapelketarako sailkapena segurtatzen saiatuko da. “Zenbat eta lehenago sailkatu orduan eta airnago hasiko naiz prestaketa lanetan”. 35 sailkatzen dira eta kalkuluek diote puntu nahikoa izan ditzakeela, baina ez da fidatzen eta udaberrira begira Iron Man bitan  (bat distantzia erdikoa) parte hartzeko asmoa du.

2016ko irail-urrian distantzia luzeko munduko  triatloi txapelketa ere lehiatu gura du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!