Emakumeen Bira telebistan zuzenean emateko aukerak aztertuko ditu Jaurlaritzak

Anboto 2015ko aza. 2a, 09:31
Emakumeen Birak 28 urte daramatza munduko txirrindulari onenak batzen.

Emakumeen Bira UCIren aurtengo World Tour egutegitik kanpo geratu dela jakin zenetik, antolatzaileak onenen tren horretara igo ahal izateko bideak bilatzen ari dira. Badakite aurten lortu ezik, urterik urtera zailagoa izango dena.


UCIk garrantzi handia ematen dio lasterketen estaldura mediatikoari, eta egutegian sartu dituzten probek, antza, komunikabideetan estaldura hobea dute. Eta alderdi hori hobetzeko eskatu dio UCIk Birari, bitartekari lana egiten dabilen Espainiako Txirrindularitza Federazioaren bitartez.

Hedabide eta estaldura mota asko daude, baina, denen gainetik, telebista eta zuzeneko emankizuna dago. Horixe da gakoa. Horregatik, Birako antolatzaileak Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria den Jon Redondorekin batzartu ziren, astelehenean. ETBk Biraren zuzeneko emankizuna egitearen aukera mahaigaineratu zuten. Redondoren aldetik, “erabateko aldeko jarrera” aurkitu zutela adierazi du Agus Ruiz Emakumeen Bira ZKE-ko kideak. Baina, aldeko jarrera bakarrik ez da nahikoa, jakina. Alde biak etxeko lanekin agurtu ziren. Redondo ETBko kirol arduradunekin batzekotan geratu zen. Batzar horren helburua zuzeneko emankizuna egiteko dauden aukera desberdinak aztertzea eta bakoitzak erakarriko lituzkeen gastuak zehaztea da. Batzarraren nondik norakoak astebeteren barruan jakinaraztekotan geratu ziren.

Birako arduradunek, bere aldetik, informazio gehiago batu behar dute UCIren aldetik: esaterako, ea zuzenekoak etapa denetan egin behar diren, ala grabaturik estaldura zabala eginda, azken etapa zuzenean emanda nahikoa litzatekeen.

Martitzenean, Birako antolatzaileek Espainiako federazioari idatziz helarazi zioten zer jakin behar duten, eta federazioa jarriko da UCIrekin hartuemanetan.

Diru publikoaren beharra
Birako antolatzaileek argi dute zuzeneko emankizunaren kostua Eusko Jaurlaritzak edo ETBk hartu behar dutela euren gain, edo biek batera: “Eurak bakarrik egin daitezke kosturen kargu. Argi utzi genuen ezin genuela hor sartu”, adierazi du Ruizek. Gizonen proba zuzenean ematen bada, emakumeenak ere estaldura berdina merezi duela uste du: “Txirrindularitza biak parekatzeko ahalegin hori egin beharko litzateke”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!