Komunikabideetan oihartzun handiagoa bermatzeko eskatzen dio UCIk Emakumeen Birari

Anboto 2015ko urr. 15a, 15:58

World Tour egutegian sartzeko irizpideen artean UCIk garrantzia handia ematen dio probek duten estaldura mediatikoari. Hori da Emakumeen Bira egutegitik kanpora uzteko arrazoi nagusia UCIk Espainiako federazioari jakinarazi dionez.

Emakumeen txirrindularitzari aupada berri bat emateko helburuagaz, UCIk World Tour egutegia sortu du aurten eta Emakumeen Bira egutegi horretatik kanpora utzi dute. Nazioarteko egutegian sartuta dagoen estatuko itzuli bakarra denez, antolatzaileek gutun bat idatzi zioten Espainiako federazioari, euren kezka adieraziz. Federazioak UCIgaz hartuemanak izan ditu, Alejandro Martin Espainiako Federazioko zuzendari teknikoak ANBOTOri baieztatu dionez eta Emakumeen Bira egutegi berritik kanpora uzteko arrazoi nagusia jakinarazi diote: estaldura mediatikoa edo komunikabideetan duen hedadura ez da egutegian sartu dituzten gainerako proben mailara heltzen.

Jauzi kualitatibo bat eman ahal izateko UCIk garrantzia handia ematen dio estaldura mediatikoari. Egutegia sortzerako orduan erabili duten irizpide nagusietako bat izan da. Horregatik sartu dituzte tradizio laburragoa duten beste proba batzuk Emakumeen Bira eta bere 28 aldiak kanpoan utzita. Komunikabide mota asko daude, baina denetan oihartzunik handiena telebistak du; hori ez da inongo sekretua. Eta, zehatzago izango, telebistako zuzeneko emankizunak dira gozokirik preziatuena. Urtero-urtero munduko txirrindulari onenak batu arren, Emakumeen Birak ez du zorte hori izan. Birako etapen laburpenak eman izan dituzte diferituan.

Baina oraindik badago esperantzarako tartea: “UCI egutegia birplanteatzeko prest dago”, Alejandro Martinen esanetan: “Horretarako antolatzaileek telebistako estaldura segurtatzen duen egiaztagiria helarazi beharko liokete UCIri”. Hori bai, erantzun bat lehenbailehen jaso behar dutela diote. Martinek “positiboki” baloratu du Federazioko presidente Jose Luis Lopez Cerrón-ek UCIrekin izan dituen hartuemanak: “Behintzat entzun digute esateko genuena. Ahoz berba egindako kontuak dira, baina nire ustez, telebistako estaldura bermatuz gero Emakumeen Bira egutegian sartuko dute. Izan ere, Birak soberan gainditzen ditu gainerako baldintza denak”.

Antolatzaileak irtenbide baten bila

Emakumeen Bira Ziklismo Kirol Elkarteko antolatzaileak UCIren eskakizunaren jakitun daude, Espainiako federazioak jakinarazi dielako. Agus Ruiz antolatzaileetako baten esanetan gaia kudeatzen dabiltza: “Eusko Jaurlaritzako Jon Redondorekin batzar bat lortu guran gabiltza. Ea bere bidez ETBrekin zerbait negoziatu daitekeen”. Azken batean, “borondate politiko” kontua dela uste du.

Emakumeen Bira World Tour-ean sartzeak aurrekontua %70 igotzea ekarriko luke: sariak eta tasak ia bikoiztu egingo lirateke, esaterako. Beraz, “Redondogaz gauza askori buruz berba egin beharko litzateke”. Edozelan ere urri amaieran edo azaro hasieran erantzun bat eman behar diote UCIri.

World Tour egutegian sartzea lortzen ez badu nazioarteko egutegitik irten egingo da Emakumeen Bira eta estatu mailako lasterketa antolatuko dute 2016an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!