Emakumeen Bira nazioarteko egutegitik irteteko arriskuan dago

Anboto 2015ko ira. 29a, 14:09

Aurtengo aldiko atariko proba

UCIk ez du World Tour egutegian sartu; iritziz aldatu ezik nazioarteko egutegitik irtengo dira eta estatu mailako lasterketa antolatuko dute. UCIren erantzunari, asko jota, 15 egunez itxarongo diote. Espainiako Federazioari Emakumeen Bira UCIren aurrean defendatzeko eskatu diote.

Emakumeen Bira munduko izarrik handienen bilgune izan da 28 urtez, baina estatus hori galtzeko arriskuan dago. UCIk emakumeen World Tour egutegia sortu du aurten eta ez dute Emakumeen Bira sartu. Tropeleko talderik indartsuenek egutegi berri horretan parte hartuko dute. Emakumeen Birak nazioarteko izaerari eusten dio —2.1 mailagaz izendatuta dago—, baina  txirrindularitzako ‘Txapeldunen Ligatik’ kanpora utzi dutenez, munduko 10 talderik indartsuenak ez lirateke Birara etorriko.

Baldintza horietan Emakumeen Birako antolatzaileak ez daude nazioarteko egutegian jarraitzeko prest: “Gastu ekonomikoek zein antolaketako lanek ez gaituzte konpentsatzen”, adierazi du Agus Ruiz Iurretako Emakumeen Bira Ziklismo Kirol Elkarteko ordezkariak. Beraz, egoera aldatzen ez bada nazioarteko egutegitik irtengo dira eta datorren urtean estatu mailako lasterketa antolatuko dute. Emakumeen Birak aurrera jarraituko du, baina beste maila batean. 

UCIri asmo horren berri jakinarazi dio elkarteak idatziz. 15 egunen barruan erantzunik jaso ezik, erabakia definitibo bihurtuko dute: “World Tour-ean sartzeak aurrekontua asko handitzea dakar eta ezin dugu luzaroan itxaron. Orain jakin behar dugu, aurrekontuak bermatzeko lanetan hasteko”. 

Antolatzaileek abuztuan egin zioten UCIri Emakumeen Bira World Tour-ean sartzeko eskaera. Beharrezkoa balitz Biraren data —ekain hasieran— aldatzeko prestutasuna ere azaltzen zuten, baina alperrik izan da. Ruizek ez du erabakia ulertzen: “Horrelako gutxiespenak egitea ezin dugu onartu. Sumeak gara,  bai, ez dugu beste antolatzaile batzuen entzute eta indarrik, baina ez diogu inori ezer zor. Dena zuzen bete izan dugu beti eta gainera tradizio handiko lasterketa da”.

Gutuna Espainiako federazioari

Emakumeen Bira Espainian egiten den nazioarteko lasterketa bakarra da. Horregatik, astelehenean gutun bat bidali zioten Espainiako Txirrindularitza Federazioari kontu honetan esku hartu eta UCIren aurrean Emakumeen Bira defendatu dezan. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!