Partaide berriak ilusioz ikusten dituzte Unai Esturo eta Larraitz Zabala dantza taldeko kideek: “Arriandiko taldea ikustea besterik ez dago. Batzuek guztiz ahaztuta eduki dituzte dantzak, eta orain topera dabiltza ikasi guran, eta euren kabuz entseguak egiten”. Askok, umetan dantza egin eta gero, urtetan ez dute hartu-emanik izan dantza taldeagaz.
Sanmigeletan mutil eta neska dantzarien presentzia berdindu ostean dator Urrijena parekidea. Emakume batzuek dantzan egingo dute, eta nagusienek kalejiran eta kantuan parte hartuko dute. Belaunaldiak batzeko eguna da azken batean Urrijena; parte hartuko duten gizon zaharrenek 80 urtetik gora dute; andreek 75-76 urte.
Dantzarien datu-basea
Emakumeei Urrijenarako deia egiteaz gainera, andre dantzarien datu-basea egiten hasi da aurten dantza taldea. Gizonezkoena eginda dago, eta andrazkoena falta da: “Saiatu gara denak batzen, baina ez da erraza, eta lehen urtean ez dugu lortuko”, azaldu du Unai Esturok. Artxiborako datuak eta argazki zaharrak batzea da asmoa.
Historikoki bigarren mailan
Anton Mari Aldekoa-Otalorak eta Kristina Mardarasek nagusien taldean parte hartuko dute Urrijenan. Iurretako auzoetako dantzariak batu, eta plaza utzita zutenak plazaratzeko ideiagaz sortu zen Urrijena. Emakumeen partaidetzagaz pozik dago Mardaras: “Entseguak ikusten eta txaloka nabil”. Historikoki emakume dantzariak bigarren mailan egon izan direla gogoratu dute, eta andreen sokadantza berreskuratzeko lana nabarmendu dute. Aurtengo Urrijena horrela laburtu du Aldekoa-Otalorak: “Uniformea jantzita ibili garen denok batuko gara”.
Dantzariak berbetan
Leire Aiartzaguena Bravo:
"Etxeko gizonak, trajeagaz dotore, dantzan irteten ziren jaia izan da Urrijena niretzat umetatik. Gu laguntzen ibiltzen ginen. Ni mutilen dantzak ikasten ere hasi nintzen, egunen batean Urrijenan parte hartzeko esperantzagaz. Orain neskekin parte hartu ahalko dut. Oso jai berezia da herriarentzako".
Bidarte Zugaza-Artaza Uriondo:
"Aurten hirugarren bider parte hartuko dut Urrijenan. Hasieran ingurukoak elkartzeko hasi ziren Urrijena egiten, eta neskak parte hartu gura izatea normal ikusten dut; denok batera mugitu gara, eta dena irten da ondo. Kriston giroa egoten da, eta inoiz plazan ikusi ez ditugunak dantzan ikusteak animoa ematen du jarraitzeko."
Kontxi Etxeita Beaskoetxea:
"10 urtegaz egin nuen nik azkeneko aldiz dantzan, eta entseguetan izerdi piloa botatzen gabiltza. Arriandin aparteko entseguak ere egin ditugu, entsegu orokorretan galduta ibili gara eta. Urrijenan, mutilak ikusita ere, beti emozionatu izan naiz. Aurten, dena ondo irteten bazaigu, negar anpuluren bat ere irtengo zait."
Urrijenako egitaraua:
09:30: Maspeko aparkalekuan taldeen argazkiak
10:30: Kalejira Montoitik plazara
11:00: Meza nagusia
Ondoren: Dantzari-dantza eta gorulari dantza
Jarraian: Omenaldia 65 urtetik gorakoei
Amaitzeko: Andreen eta gizonen sokadantza
15:00: Bazkaria Tellituko aparkalekuan. Karpa ipiniko dute, eta taberna zerbitzua eta berogailuak egongo dira.
18:00: Erromeria eta dantza-kantu poteoa Oxabi taldeagaz, karpan eta herrian zehar.