Txikitatik, irakurtzea ikasketekin barik plazerragaz lotu dezaten

Anboto 2014ko ira. 11a, 14:35
7 urte bete arte gurasoek lagunduta parte hartzen dute umeek.

Bizitzako une bakoitzari egokituta, adin guztietarako irakurketa klubak eskaintzen dituzte Iurretako Herri Bibliotekan: jaioberriengandik hasita –eskaintza berezitua dute–, adin tarte bakoitzari ondoen egokitzen zaion formatuan. Liburutegira hurreratu daitezela lortzea zailen den adin tarteko iurretarrak, gazteak, ere erakartzea lortu dute azken urteotan. “Helduekin hasi ginen lehenengo”, gogoratu du Ziortza Onaindia Herri Bibliotekako arduradunak, “eta, orain, irakurle klubak eskaintzen ditugu 0 urtetik aurrera ere”.

“Irakurzaletasuna bultzatzea prozesu bat da”, azaldu du Onaindiak: “8 urtetik aurrera, esaterako, aurretik umeentzako programetan landutakoa oinarri hartuta dihardute, 14 urte artekoek irakurketa klubetan: “Letrak identifikatzen hasten dira adin horregaz, eta argi dago txikitatik beste programen bitartez eragina jaso dutela: istorioak entzuten eta sortzen ohituta daude, eta modu autonomoan hasten dira irakurtzen”.

Txikiagoak direnean, 8 urte bete arte, gurasoek lagunduta egoten dira haurrak Iurretako liburutegian, eta 8 urtegaz hasten dira autonomia hori lantzen. Onaindiaren berbetan, “irakurgaia lantzeko konpromisoa hartzen dute umeek, eta ekarpen oso interesgarriak egiten dituzte: “Beti daude prest prozesua aberasteko”.
Txomin eta Peru Magdalena anaiek dinamizatuko dituzte aurtengo gazteen irakurketa klubak. Iaz, esaterako, berrehundik gora iurretarrek parte hartu zuten 8-14 urtekoei zuzenduriko ekimenetan.

Ikastetxeekin batera
Herriko ikastetxeekin elkarlanean antolatzen ditu Herri Bibliotekak gazteentzako irakurketa klubak. Maiztegi eta Orobiogoitia ikastetxeetan, astean behin, tertulia literarioak egiten dituzte eskola orduetan bosgarren eta seigarren mailetako, eta DBHko lehenengo eta bigarren mailetako ikasleek. Liburutegian egiten dute hileko azken saioa. Ikasleek irakurtzea, ikasketekin eta derrigortasunagaz barik, plazerragaz lotu dezatela dute helburu eskolan zein liburutegian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!