Ikasturte berria abiatu dute Iurretako Herri Bibliotekak eta kultur etxeak

Anboto 2014ko ira. 9a, 16:53

Iñaki totorikaguena alkatea, Ziortza Onaindia herri bibliotekako arduraduna eta Pili Jimenez kultur etxeko arduraduna

Iurretako Herri Bibliotekak eta kultur etxeak 2014-2015 ikasturtera begirako egitarau zabala aurkeztu dute prentsaurrekoan. “Herri txikia izateak ez du kentzen kalitatezko zerbitzu publikoa eskaini behar ez diegunik gure herritarrei”, azaldu du egitarauaren inguruan Iñaki Totorikaguena alkateak.


Herri Bibliotekari dagokionez, irakurzaletasuna “modu integralean lantzeko” adin tarte guztiei eta doan zuzendutako ekintzak antolatu dituzte. Nobedadeen artean, Galtzagorri ekarteagaz antolatzen duten Bularretik mintzora kanpaina osasun zentroko pediatria kontsultategian eskainiko dute 2015ean. Ziortza Onaindia arduradunak azaldu duenez, ekimenaren helburua da haurra amaren sabelean dagoenetik 7 urte izan arte irakurketa umearen inguruko giroan era natural batean txertatzea. Gainera, 0-3 urte arteko umeei zuzenduta, Azalerako ipuinak egitasmoa zuzenduko du Saroa Bikandik hirugarren urtez. Tailer horretan, literaturaren mundura abesti, ipuin, jolas, poema eta masajeen bidez hurbiltzeko baliabideak eskaintzen dituzte.


Irakurketa kluba
Isa Castillok dinamizatzen duen  irakurketa klubak talde bi izango ditu, iaz bezala: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Aurten, esate baterako, erdarazko taldeak Miren Agur Meabe idazlea lekeitiarraren bisita jasoko du abenduan, eta euskarazkoak Danele Sarriugarte elgoibartarrarena. Emakumeen literatur tailerrak, berriz, XIX. mendeko emakume idazle ingelesen lanak landuko ditu. Egitaraua osatzeko, Munduko paisaiak programaren barruan, Sahararen inguruko ekintzak antolatuko dituzte.


Bestetik, atzerriko hizkuntzak mintzapraktika bidez lantzeko aukera eskaintzen du Herri Bibliotekak. Alemana, ingelesa eta frantsesa praktikatzeko tailerrak eskainiko dituzte talde mailakatuetan. EHUko ikasleek gidatuko dituzte praktikak.


Urriaren 24rako, Liburutegien Nazioarteko Egunerako,   berriz, beste hainbat ekintzen artean, bizikleta gainean egindako ipuin kontakizuna aurreikusi dute Iurreta txirrindulari elkarteagaz elkarlanean.
Bestalde, irakurtzeko zailtasunak dituztenen artean irakurketa errazak bultzatzeko, kolektibo horiekin diharduten profesionalei zuzendutako jardunaldiak eskainiko dituzte.
Kultur etxeari dagokionez, aurten hamahiru tailer eskainiko dituzte bertan. Yoga, eskulanak, sukaldaritza, taichi eta beste hainbat arlo lantzeko izena emateko epea irailaren 16tik 19ra izango da iurretarrentzat, eta 21etik 15era kanpokoentzat. Pili Jimenez teknikariak azaldu duenez, urtero betetzen dira tailerretako 300 plazak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!