Bihar Abu Dhabiko triatloian parte hartuko du Gurutze Fradesek

Anboto 2014ko mar. 14a, 12:44
Gurutze Frades, Abdu Dhabin
Eguaztenetik Abu Dhabin dago Gurutze Frades (MugarraTT), bihar hango nazioarteko triatloian parte hartzeko. Dagoeneko egin du igeriketa saio bat Persiako Golkoan. Biharko triatloian beroa eta bizikletako ibilbide luzea faktore erabakigarriak izango direla uste du.

 

Gurutze Frades iurretarrak Abu Dhabiko (Arabiar Emirerri Batuak) triatloian parte hartuko du bihar. Triatloi horretan lehenengoz arituko da. Martitzen iluntzean heldu behar zuen bertara, baina hegaldia atzeratu egin zuten eta eguazten goizean heldu zen. Han "hain ohikoak diren" 30 pisuko hotel batean hartu du ostatu. Dagoeneko egin du igeriketa saio bat Persiako Golkoan, bizikletan ibili da eta baita korrika ere Corniche Road ingurutik.

 

Bihar goizeko 06:40ean hasiko da elite mailako emakumeen lasterketa, Euskal Herrian gaueko 03:40 direnean. Munduko triatloilari onenak batuko dira irteera puntuan. Triatloiko distantziak ohikoak baino luzeagoak dira: 3 km igeri, 200 km bizikletan eta 20 km korrika. Igeriketako eta korrikako tarteak Corniche Road-en izango dira: badiari itzuli bi igerian eta korrika pasealekutik zehar. Bizikletako tarteko une batean Formula 1-eko lasterketa egiten duten Yas Marina zirkuitutik ibiliko dira. Beroa eta bizikletako tarte luzea “faktore erabakigarriak izango dira”, uste du iurretarrak. Biharko lasterketan MugarraTT-ko Roberto Corujok ere parte hartuko du.

 

Aurten bizikleta gaineko errendimendua hobetzeko entrenamendu saio espezifikoak egin ditu Fradesek eta, bide horretan, Abu Dhabiko triatloia “deigarria” egin zitzaiola onartu du, bizikleta gaineko tartea  “exigentea delako”. “Parte hartzaileen maila handia eta beste kultura bat ezagutzeko aukera” ere kontuan hartu ditu parte hartzerako orduan.

 

Han dagoen egunetan hiria apur bat ikusteko aukera ere izan du. Abu Dhabi hiri “oso zaindua eta garbia” iruditzen zaio: “Eraikin berri eta ikusgarri asko ditu; pasealeku luze bat du itsaso ingurutik eta hare argidun hondartza bat. Baina bero handia egiten du eta errepide-zirkulazioa jasanezina da”.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!