Baliogabe utzi dute Adif enpresari jarritako isuna

Anboto 2014ko ots. 27a, 14:18
Aholku Batzorde Juridikoak horren alde ebatzi du

 

Espainiako trenbide sarea kudeatzen duen Adif enpresari jarritako isuna baliogabe utziko du udalak. ETBren egoitza zaharrean egindako “jardueraren azterketari Adifek berak traba egiteagatik” erabaki zen 224.000 euroko isuna jartzea alkatetza dekretuz; 2010ean izan zen hori. 

Dekretua baliogabetzeko Adifen eskaria udalak ez zuen tramitera onartu 2013ra arte. Eta, orain, prozedura baliogabetzearen aldeko Aholku Batzorde Juridikoaren ebazpena jaso dute. EAJk eta PSE-EEk hori onartu dute; abstenitu egin da Bildu.

Adifen kontra beste bi prozedura ditu zabalik udalak: azpiegituraren erabilera okerragatik eta jarduera ez eteteagatik. Adifi eman diote arrazoia lehen instantzian, baina Justizia Auzitegi Gorenera eroan du gaia udalak.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!