Goiuriako ibarbideen arazoa argitzeko galdetegia prest

Anboto 2012ko mai. 4a, 09:55

Iñaki Totorikaguena alkatearen kontrako errefusatze-intzidentziaren prozedura aurrera doa. Goiuriako kofradiak luzatutako galderak erantzuteko hamar egun baliodun ditu alkateak. Onartutako lekukoentzako galderak ere onartu dituzte azken udalbatzarrean

Iñaki Totorikaguena alkatearen kontrako errefusatze-intzidentziaren prozedura aurrera doa. Goiuriako kofradiak luzatutako galderak erantzuteko hamar egun baliodun ditu alkateak. Onartutako lekukoentzako galderak ere onartu dituzte azken udalbatzarrean.

 

Lukupeko Troka eta Luku-Txiki  ibarbideak (Luku-Baso S.A) lurrez betetzeko lizentzia aprobetxatuta izan diren ustezko legez kanpoko jarduerak argitu guran pauso berri bat eman du udalbatzak. Horretara, eta Goiuriako kofradiak Iñaki Totorikaguena alkateaten kontra aurkeztutako errefusatze-intzidentziaren barruan, alkateak eta onartutako lekukoek erantzuteko galderak onartu dituzte.

 

Iazko ekainean eta uztailean baimen barik ehunka kamioien edukia isuri zela salatu zuten Goiriako kofradiakoek, 2009ko lur-jausiak sortutakoak konpontzeko sarbide-pistaren “legez kanpoko” obratarako baimena aprobetxatuz; 2006tik ezin zitekeen ezer isuri. Jarduera ez zutela eten ezta zehapen espedienterik agindu arrazoitu dute kofradiakoek errefusatze-intzidentzia tramitera eroateko.

 

Lukupeko Troka eta Luku-Txiki ibarbideen betetze egitasmoari buruzko espedientean, 2007ik ibarbideotako mugimenduei buruzko txostena batzea ere onartu dute udalbatzarrean. Txostenean jasotakoak baino ez dira onartuko errefusatze-intzidentzia prozeduran. Kofradiak aurkeztutako froga gehienak baztertu dituzte. Hori berretsi dute EAJ, PP eta PSE-EEk; Bilduk ez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!