Txanpana, txapligoak eta kamioian prozesioa maila igoera ospatzeko

Anboto 2012ko api. 30a, 17:38

Iurretakok Ohorezko mailarako igoera lortu du asteburuan. Iaz legez, kamioi berezi batean igo eta herriko kale bazterretan batuta zeuden zaleekin ospatu dute lorpena.

Iurretakok Ohorezko mailarako igoera lortu du asteburuan. Iaz legez, kamioi berezi batean igo eta herriko kale bazterretan batuta zeuden zaleekin ospatu dute lorpena.

 

Azken denboraldi bietan, mailaz birritan igotzea lortu du Iurretakok: Lehenengo erregionaletik Goren mailara iaz, eta, handik Ohorezko mailara aurten. Zapatuan segurtatu zuten azken igoera hori, liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan, etxean Mungia 3-2 menderatuta. Larrakozelai lepo bete zen egun historikoa ospatzeko. Izan ere, Ohorezko maila Iurretakok inoiz jokatu duen mailarik altuena izango da.

 

Partidua: ustekabea eta emozioa


“Partidu arraroa izan zen”, kontatu du Iñigo Goenaga jokalariak. Lehen minutua bete orduko aurreratu egin ziren, baina segituan berdinketa lortu zuen Mungiak. Bosgarren minutua bete orduko banakoa adierazten zuen markagailuak. Ordutik aurrera, erasora jo zuen Iurretakok eta atsedenaldira heldu aurretik berriro aurrea hartzea lortu zuen penalti baten bidez.


Mailaz igo ahal izateko ez zuten nahiko euren partidua irabazteagaz. Morazak Urdulizen huts egitea zen bete beharreko bigarren baldintza. Partidu hori ordubete lehenago hasi zenez, Arripausuetan atsedenaldira heldu zirenean amaitu egin Urdulizkoa. Aldageletan zeudela esan zieten Morazak 0-3 galdu zuela neurketa hori.


Emaitza horren jakitun, lasaitasuna ekarriko zien golaren bila zelairatu ziren iurretarrak, baina ezustean, Mungiak bigarren gola sartu zuen, zelai erditik egindako jaurtiketagaz sartu ere, atezaina apur bat aurreratuta zegoela aprobetxatuta. Jon Gurutz Vazquezen mutilek ez zuten etsi eta partidua amaitzeko hamar minuturen faltan heldu zen hirugarren gol desiratua, berriro ere penalti bidez.

 

Amaiera: jaia eta Zugazartazari eskaintza


Epaileak azken txistua jo zuenean jaia lehertu zen Larrakozelain: “Zelai erdian batu ginen denok, elkar besarkatuz, salto eginez… txanpana ere atera genuen”, gogoratu du Goenagak. Irudi hunkigarriak ere utzi zituen partidu osteak. Rafa Zugazartaza, urte askoan klubeko presidentea izana, iaz hil zen eta berari eskaini zioten lorpena: “Eguzkiñe, Rafaren emaztea, zelaira jaitsi zen eta denok besarkatu gintuen. Une hunkigarriak izan ziren denontzat. Igoera Rafari eskaini nahi diogu, urte askoan zuen dena eman ziolako klubari”.

 

Kamioian herritik zehar eta afaria


Ospakizuna ez zen futbol zelaira mugatu. Iaz legez, kamioi berezi batera igo, Iurretako udalerriaren bandera eskegi eta Larrakozelaitik herrigunera jaitsi ziren jokalariak eta klubeko ordezkariak. Kale bazterretan batutako zaleek gogotsu txalotu zituzten euren heroiak. Jose Antonio Legorburu gaur egungo klubeko presidentearen berbetan “Gozokiak banatu genituen eta baita beren beregi igoera ospatzeko aterako 150 bat kamiseta ere”. Kamiseta horietan azken urteetako igoerak gogoratzen dira eta baita aurtengo balentrian parte hartu duten guztien izenak ere.


Ondoren, Iurretako Azken jatetxean afaldu zuten. Handik Traña-Matienako jaietara joan ziren hainbat jokalari ospakizunagaz jarraitzera: “Gaba luzea izan zen”, aitortu du Goenagak.


Datorren denboraldira begira taldea sendotzen saiatuko direla adierazi du Legorburuk. Aulkian, aldiz, ez da aldaketarik egongo: “Beste denboraldi batez behintzat gurekin jarraituko duela hitz eman digu Jon Gurutz Vazquezek”.

 

Kuriositatea: zelai erditik gola


Batzuetan kasualitate harrigarriak gertatzen dira.Zelai erditik jaurtitako baloi loratuagaz Mungiak berdinketaren gola sartu zuenean, bati baino gehiagori iazko Markinaren kontrako partidua etorri zitzaion burura. Orduan ere, igoera jokoan zutela, Markinak antzerako gol bat sartu zuen, oso urrunetik. Iurretakok azkenengo minutuan berdindu zuen neurketa eta puntu hura nahikoa izan zitzaien mailaz igotzeko. Zapatuan ere ederto sufritu ondoren lortu zuten gol erabakigarria, partiduaren azken txanpan. 

 

Lehenengo postuan amaitzea helburu


Igoera lortu dute, baina oraindik lau jardunaldi falta dira liga amaitzeko. Ia berba berdinak erabili dituzte bai Goenagak eta bai Legorburuk hemendik aurrerako helburuak definitzeko: “Lehenengo postuan igo gura dugu. Mailako liderrak izan gura dugu. Urte osoan hor goian ibili gara eta merezi dugula uste dugu. Horrela, udan hainbat mailetako liderrek jokatzen duten Cantera Deportiva Torneoan parte hartzeko eskubidea ere irabaziko genuke”.

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!