Igoera historikoa lortzeko atarian dago Iurretako futbol taldea

Anboto 2012ko api. 22a, 08:01

Lehenengoz Ohorezko mailara igo daitezke; Berriz, aldiz, matematikoki jaitsi daiteke

Lehenengoz Ohorezko mailara igo daitezke; Berriz, aldiz, matematikoki jaitsi daiteke.

 

Athletic-ek gabarra nola, Iurretakok prest du kamioi berezi bat, eskura duten igoera historikoa herritarrekin prozesioan ospatzeko. Gaur Iturrigorriren aurka irabazten badute eta Moraza B nahiz Padura ez badira kapaz hiru puntuak batzeko, Ohorezko mailan jokatuko dute datorren denboraldian. Historikoa litzakete, sekula ez dutelako maila horretan jokatu.

 

Iurretakoren ibilbide arrakastatsua ez da denboraldi honetara bakarrik mugatzen. Iaz Lehenengo erregionaletik Maila gorenera igo ziren —orduan ere kamioi bereziaren gainean ospatu zuten lorpena— eta aurten, beste denboraldi gogoangarri baten ostean, ametsa ematen zuena errealitate bilakatzeko zorian daude.

 

Asteburu honetan ez bada, hurrengoan izango da. Baina, zuziriaren metxa piztuta dago. Jokoan geratzen diren 18 puntuetatik lau batzea nahikoa dute igoera segurtatzeko. “Zenbat eta lehenago igo hobe”, dio Jon Gurutz Vazquez entrenatzaileak, eta mentalitate horrekin joango dira domekan Bilbora: “Gu irabaztera joango gara. Eskatzen hasita, polita litzakete hirurok irabaztea (Iurretako, Moraza B eta Padura) eta hurrengo asteburuan igoera etxean lortzea. Berdinketa batekin nahikoa izango genuke”.

 

Igoera gaur lortzen badute ere, ospakizun nagusiak datorren asterako  utziko dituzte. Hilaren 28an, 17:00etan, Mungiaren kontra jokatu ostean, kamioi berezira igoko dira, jai giroa herri osora zabaltzeko: “Azken ahalegina falta zaigu. Denboraldi itzela egiten dabiltza eta oso pozik gaude”, azaldu du klubeko presidente Jose Antonio Legorburuk: “Gainera, Gazte mailako taldea ere lider doa bere mailan”.

 

Berriz jaisteko prest 

Iurretakoren guztiz kontrako bidea egitekotan da Berriz. Iaz Ohorezko mailan zebiltzan eta datorren denboraldian, miraririk ezean, erregionaleko Lehen mailan ariko dira. Asteburu honetan bertan jaitsi daitezke.

 

Zaldua ere jaitsiera postuan dago, baina hiru puntura du salbazioa. Iaz igo ziren Maila gorenera eta aurten mantentzea lorpen handia litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!