Energia Komunitatea sortuko dute Garain

E.H. 2026ko maiatzaren 21a

Eguzki-plakak Garaiko frontoiko teilatuan. GARAIKO UDALA

Garaiko Udalak 15.125 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, herrian Energia Komunitatea eratzeko. 

Elorrio, Durango, Abadiño, Otxandio, Zaldibar... eskualdean geroago eta gehiago dira energia komunitatea sortzen dabiltzan udalerriak, eta, aurrerantzean, beste bat batuko da zerrenda horretara: Garai. Udalak Energia Komunitatea sortzeko lehenengo pausoa eman du. Proiektua aurkeztu dio Foru Aldundiari, eta puntuaziorik handiena lortu ondoren, hark 15.125 euroko dirulaguntza esleitu dio. Horri eskerrak, udalak hainbat jarduera antolatuko du komunitatea bultzatzeko: proiektua publikoki aurkeztea, prestakuntza saioak antolatzea, azterlan bat egitea eta bazkidetzari ekitea aurreikusi dute, besteak beste. Udalak azaldu duenez, proiektuak "energiaren kontsumoa aurrezteko, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko, udalaren eta herritarren arteko lankidetza indartzeko eta ingurumena zaintzeko" balioko du.

Halaber, 2021ean, herriko frontoian eguzki-plakak atondu zituztela gogorarazi du udalak, baita kirolguneko instalazioak aerotermiagaz hornituko direla iragarri ere. Energia Komunitateagaz "beste urrats bat" egin gura dute, "Garaiko Udalak eta garaitarrek ingurumenean uzten duten aztarna ahalik eta txikiena izan dadin".

Irakurketa politikoa

Garaiko Udalak adierazi duenez, gobernu taldeak (EAJ) "Energia Komunitatea eratzeko konpromisoa" zuen hartuta egungo legealdirako, eta proiektu horretarako diru-atala prestatu zuen, hain zuzen ere, 2026ko udal aurrekontuetan. Era berean, aurtengo aurrekontuek EAJren botoei esker egin zutela aurrera gogorarazi du. Oposizioari dagokionez (Herriko Taldea), ez zuela "ezelako ekarpenik" eta bozketan abstenitu egin zela esan dute udal iturriek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!