Julen Saenz de Ormijanak ezinhobeto hasi du trial bike-eko Munduko Kopa. Garain bizi den arabarrak Frantziako Dole herrian lehiatutako lehenengo proba irabazi du.
Kopa barruko proba denen antzera, parte hartzaileek enborrekin, harriekin eta aurrefabrikatutako elementuekin osatutako ibilbideari aurre egin zioten.
Finalean Saenz de Ormijanak lehia estu-estua mantendu zuen beste birekin. Bere azken saioa akatsik barik egitera behartuta zegoen txapeldun geratzeko eta lortu zuen. "Bikain irten zitzaidan eta han zeuden ikusleek asko gozatu zuten. Sekula ahaztuko ez dudan momentua da", adierazi du.
Munduko Kopa hiru probek osatzen dute. Hurrengoa Polonian izango da, abuztuan. Aurretik, ekainaren 28an, Espainiako txapelketa lehiatuko du. Aurtengo denboraldiko beste hitzordu bi Europako Txapelketa eta Munduko txapelketa izango ditu. Biak Frantzian izango dira.

