Zelan heldu zara Garaira?
Nire bikotekidea markinarra da eta Mallabian lan egiten du, Orbea enpresan. Orduan, bion tarteko puntu bat aukeratu dugu bizitzeko. Oso gustura nago Garain. Oso herri polita eta lasaia da. Niretzat ez da herri txikia. Kontuan hartu Amaritan 60 lagunetik behera bizi garela. Gainera, hemen mendi bizikleta hartu eta edonora joan naiteke.
Zeintzuk inguru esploratu dituzu?
Asko geratzen zait esploratzeko, baina ibili naiz, bai. Hemen entrenatzeko instalaziorik ez dagoenez, inguru naturalak bilatu ditut entrenatzeko. Marmol izeneko harrobian dauden harri artean entrenatzen naiz. Durangoko lagun batek eman zidan haren berri. Oiz inguruan ere aurkitu dut gune bat harriak dituena, baina han entrenatu aurretik ingurua apur bat garbitu beharko dut. Abadiñoko Atxarte harrobian ere izan naiz, baina besteak baino apur bat arriskutsuagoa da, harri asko dagoelako lurrean, eta jausiz gero min hartu daiteke. Batzuetan Aretxabaletara ere joaten naiz; han entrenatzeko instalazio bat dago.

Durango eta inguruko herriak 'probatu' dituzu?
Ez zait asko gustatzen street deitzen dioguna egitea, jendeak han-hemen ez ibiltzeko eskatu diezazukeelako. Baina Garain ibili naiz apur bat, pilotaleku inguruko hormetan. Durangon ere ibili nintzen, orain bost bat urte, lagun bategaz. Gogoan dut zinema ondoko kale bateko aulki eta hormetan ibili ginela.
'Eroriz ikasten da oinez' dio esaerak. Zure kirolera aplikatu daiteke?
Zalantzarik barik. Ikasi dudan guztia eroriz eta akatsetatik ikasiz izan da. Kanpotik begiratuta, kirol arriskutsua ematen du, baina ez dut uste horrela denik. Urte askotako trebakuntzagaz, bizikletagaz kontrol eta feeling berezi bat daukagu. Bizikleta eta biok ia-ia bat gara. Huts egin eta jausi naiteke, jakina, baina ez da normalena.
Bisualki kirol erakargarria iruditzen zait.
Ikusgarria da, bai, txapelketetan-eta gu lanean ikustea asko gustatzen zaio jendeari. Baina ikustetik probatzera gutxi animatzen dira. "Uf, nik ezin dut hau egin", pentsatzen dute. Nire ustez, bizikleta gustuko dutenei asko eman diezaiekeen kirola da. Merezi du probatzea, trialak kontrol puntu estra bat ematen dizulako bizikletagaz: noiz balaztatu, pisua nora bota, belaunak, aldakak... posizio guztia. Bizikleta gainean suertatu daitezkeen egoerak hobeto kontrolatzen irakasten dizu.
Noiz eta zelan zaletu zinen kirol honetara?
10 urte nituen. Aita motorrekin ibiltzen zen eta, jakina, niri ez zidan motor bat erosiko; mendi bizikleta bat erosi zidan. Hasieran jesarlekua kentzen nion edo guztiz jaisten nuen, trialeko baten itxura emateko.
25 urtegaz duzun palmaresa izateak zer esan gura du zuretzat?
Sekula ere ez nuen imajinatuko. Sinestea ere kosta egiten zait. Hori bai, esfortzu eta lan handia eskatu dit.

Zer helburu duzu hasi berri dugun urteari begira?
Lehenengo eta behin, Espainiako Txapelketa daukat, eta titulua berriro irabaztea da helburu nagusia. Urteko helbururik garrantzitsuena Munduko Txapelketa izango da, berriro Arabian egingo dena. Banakakoan urrea irabazteko borrokatuko naiz. Iaz oso gutxigaitik geratu nintzen bigarren, eta irabazi dezakedala uste dut. Gero Munduko Kopako probak ere izango ditut, Frantzian, Alemanian eta Polonian.
Zeintzuk dira kirol minoritario baten aritzearen eragozpen nagusiak?
Profesional izaten ahalegintzen nabil, baina gatxa da, hedabideetan ez duelako oihartzun handirik. Laguntzeko prest dauden hiru-lau trial marka baino ez daude, eta asko borrokatu behar da kontraturen bat lortzeko. Munduko Txapelketa irabazteagaitik ematen duten dirua ez da beste diziplina batzuetan bestekoa. Kontuan hartu nire bizikletak 4.500 euro inguru balio duela. Beraz, denerik egiten dut. Bizikleta eskola bat dut Gasteizen, Trial Bizikleta School izenekoa, eta trial erakustaldiak egiten ditut. Durangoko edo Garaiko jaietan erakustaldiren bat egitea gustatuko litzaidake.