#0km

[ARGAZKI GALERIA]: Udaberriak aldarterik koloretsuenagaz jantzi du Garai

Ekaitz Herrera 2026ko apirilaren 19a

Garaiko landare eta lorezaintza azokak jende asko batu du. Eguraldi zoragarria lagun, asko izan dira eskualdeko herrietatik udaberri giroaz gozatzera Oizpeko udalerrira joan direnak. San Migel elizaren inguruak lorezaintza saltokiz eta landarerik finenez bete dira. 

Iaz, euri zaparradak zirela eta, jaia ezin izan zuten bere aldarterik koloretsuenagaz ospatu. Alabaina, aurten, arantza hori kendu dute garaitarrek. Eguzkiak polito sakatu du eguerdi inguruan, eta asko izan dira autoz zein oinez Garaira hurbildu direnak. Loreez eta landareez gainera, tokiko baserritar ekoizleen produktuak ere egon dira salgai, hala nola gazta, garagardoa, marmeladak eta pastelak. Txosna batek taloak eta edariak eskaini ditu, sendo. Nagusien elkarteko kideek primerako lana egin dute azokazaleei kontsiguna edo gordailu zerbitzua eskainita. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!