320 korrikalarik parte hartuko dute Garaiko Asto Trailen

Joseba Derteano 2024ko uzt. 19a, 12:00

Lehenengoz antolatu duten proba laburrak harrera ona izan du, 127 parte hartzailegaz.

Zapatu honetan Asto Trailen laugarren aldia egingo dute Garain. Hiru hitzorduak kontuan hartuta —lasterketa luzea, laburra eta mendi martxa—, 320 parte hartzaile batuko dira. 

Hiru probak udaletxe ondotik irtengo dira. Martxa 08:30ean hasiko da, lasterketa luzea 09:30ean, eta lasterketa laburra 10:00etan.

Garai Traitloi Taldekoek aurten antolatu dute, lehenengoz, proba laburra, eta pozik daude izan duen harreragaz. 127 parte hartzaile izango ditu. Proba laburrak eta martxak ibilbide bera izango dute, eta, besteak beste, Askako eta Jandolamendi mendiak igoko dituzte. Martxan 122 lagunek parte hartuko dute. 28 kilometroko proba luzean Oizko gailurreria osoa egingo dute, iaz hasitako bideari jarraituta. Proba luzerako 72 korrikalarik eman dute izena.

Gaur, barikua, parte hartzaileek dortsala jasotzeko aukera dute Garain, 16:00etatik 20:00etara. Ahal dela gaur joateko eskatu dute antolatzaileek, lasterketa egunean lasaiago eta denboraz ibiltzeko. Ahal den neurrian kotxeak bide ertzean eta txukun aparkatzeko ere eskatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!