Astebete falta da Asto Trailen laugarren edizioa jokatzeko, eta probako antolatzaileetarikoak diren Unai Etxeitak, Gaizka Barrainkuak eta Oinatz Urtiagak nobedadeak kontatu dituzte. Lasterketa laburra (16,5 km) ere antolatu dutela da berrikuntza bat. Lasterketa luzean (28 km), Oizko gailurreria mantendu dute ibilbidean, iaz hasitako bideari eutsiz. Mendiaz modu lasaiagoan gozatu gura dutenek mendi martxa dute aukeran.
Asto Trailek laugarren aldia egingo du aurten. Herrian sustraituta dagoen ekimena dela esan genezake?
Gaizka Barrainkua: Sustraituta baino gehiago, sustraitzeko bidean gaudela esango nuke. Laugarren aldia da, baina ez dira segidan izan: 2016an, 2018an eta 2023an izan dira aurrekoak. Beraz, aurtengoa jarraian egiten den bigarrena da. Aurrerantzean urtero egitea da gure asmoa.
Lasterketa laburra nobedadea izango da.
Unai Etxeita: Bai, aurten proba laburra ere badago, abanikoa zabaltzeko. Iaz parte hartzaileen eskari bat izan zen. Uztail amaieran, jendeak buruan oporrak dituela 28 kilometroko proba bat egitea… Horrelako komentarioak entzun genituen, eta horregaitik antolatu dugu laburragoa ere. Martxako ibilbide bera du. Gure harridurarako, oraingoz beste proba bietan baino jende gehiagok eman du laburrean. Joera orokorra dirudi. Inguruko beste lasterketa batzuei erreparatuta, Mallabikoa eta Berrizkoa esaterako, laburrak jende gehiago erakartzen du. Azken batean, egingarriagoa da, esperientzia gehiagokoek nahiz gutxiagokoek egin dezakete.
Zer ibilbide du?
Oinatz Urtiaga: Martxako ibilbide bera du. Hasieran, korrikalariak Sarria inguruko uren kanalen ondotik ibiliko dira. Zonalde polita da. Gero, Sarrimendira igoko dira. Handik Urdaiara bajatu ziren iaz. Aurten, beheraino heldu aurretik, beste bide bat hartuko dute eta handik Oizko Etxebarrieta igoko dute. Ondoren, Askako eta Jandolamendi mendiak igoko dituzte. Handik Garaira bajatuko dira.
Ibilbide luzean, iaz lehenengoz sartu zenuten Oizko gailurreria osoa, eta aurten mantendu egin duzue. Harrera ona izan zuen?
U.E.: Bai, oso polita geratu zen. Eguraldi ona egin zuen, gainera. Ikuspegi ederrak daude eta paraje zoragarria da.
Aurten ez dago egunean bertan izena emateko aukerarik. Zergaitik?
G.B.: Gutxi gaude antolakuntzan, eta logistika aldetik buruhauste asko egoten da lasterketa egunean. Iaz 300 parte hartzaile batu ziren eta kamisetak eta dortsalak banatu behar zaizkie denei. Horri azken orduko izen-ematea gehituz gero, larri ibili gintezke. Beraz, aurten izen-ematea Interneten bakarrik egin daiteke, www.buscametas.com webgunean, uztailaren 18ra arte. 225 lagunetik gora daude izena emanda momentuz.
"Urkiola Kopa Trail oso ideia ona da. Durangalde mailakoa ere polita litzateke"
Zelako laguntza duzue Asto Trail antolatzeko?
O.U.: Guztira, 40 bat boluntario behar dira, eta, zorionez, badugu laguntasuna. Garaiko Nagusien elkartekoak asko inplikatzen dira eta eskerrak eman gura dizkiet. Trumoitte elkartekoen laguntza eta udalaren babesa ere baditugu. Horrez gainera, egunotan ibilbideko bideak garbitzen aritu gara hainbat pertsonaren artean. Jende asko dabil laguntzen.
Asto Trailen inguruan beste ezer gehitu gura duzu?
G.B.: Aurten, oparien zozketak sari banaketaren ondoren egingo ditugu, jendea bertan geratzeko eta plaza inguruko giroari eusteko. Baita gure babesleei ikusgarritasun handiagoa emateko ere. Sari asko eta politak ditugu: asteburu bat landetxean, afari bat, arropa… Horrez gainera, bezperan, bariku iluntzean, dortsalak jasotzeko aukera dago. Eta egun horretan bertan, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileen Ztandap bakarrizketa saioa egongo da Elizaberrin, 19:00etan, Garaiko Trumoitte elkartekoek antolatuta.
Joan zen astean, Urkiola Trail Kopa aurkeztu zuten. Oraingoz, Sorginen Lasterketa, Mañaritik Atxetara eta Aramotz mendi lasterketa sartzen dira Kopan, baina antolatzaileek ez diote aterik itxi etorkizunean Durangalde osora zabaltzeari. Zuek zabalik duzue ate hori?
G.B.: Bai, guztiz zabalik, gainera. Begira, Berrizko Amaraune probakoak lagunak ditut eta orain denbora bat horrelako zeozer komentatu nien. Goierriko Kopa eta Urdaibaiko Kopa dauden moduan, hemen ere horrelako zeozer egin zitekeela berbetan aritu ginen. Izan ere, Durangaldeko herririk gehienetan daude mendi lasterketak. Kontua hor geratu zen, eta Urkiola Trail Kopako albistea irakurri nuenenan, "begira, aurreratu egin zaizkit" pentsatu nuen. Oso ideia ona da eta dena ondo joatea opa diet. Durangalde mailako Kopa ere polita litzateke.