Garaiko Udalak aldaketak egin ditu Momoitioko San Juan ermitaren bueltako askaldegian. Birrindutako bi mahaietatik bat konpondu dute; bestea, berriz, kendu egingo dute. Erabaki horrekin, inguruko bizilagunek jasaten dituzten arazoak arindu gura ditu udalak. Era berean, Garaiko Udalak eremu horretako azpiegiturak zaintzera, eta bizilagunak zein euren ondasunak errespetatzera deitu ditu erabiltzaileak.
Oraingo honetan, erabiltzaileek birrindutako mahaietan esku hartu behar izan du udalak. Baina, tamalez, gisa honetako gertakariak ez dira berriak. San Juango ermita ingurua hainbat bider agertu da zikinkeriaz lorrinduta. 2020ko urrian, adibidez, Erramun Osa alkateak bere kexa agertu zion hedabide honi. Ordu hartan askaldegiaren ondoko edukiontzi bat iraulita agertu zen, eta, bazterrak, zikinkeriaz beteta.