"Harrituta nago. Gehiengo batek inguruak errespetatzen ditu. Baina gero bada gutxiengo bat, eta gutxiengo horrek bazterrak lorrintzen ditu, nahasi", salatu du Garaiko alkate Erramun Osak. Beste hainbat asteburutan bezala, oraingoan ere zabor hondakinez beteta agertu dira Momoitiko San Juan ermitaren inguruak.
Edukiontzi bat iraulita agertu da eta askaldegietako bazterrak hondakinez beteta agertu dira. "Asteburuetan, familia giroan etorri ohi dira bisitaririk gehienak. Zaborra dagokion tokira eraman ohi dute, ingurua zaintzen dute. Baina gauez, jaia egitera etorri ohi da hainbat herritar. Badirudi jende batek uste duela ingurua nahieran erabili dezakeela, herritarrak goizeko ordu txikietan molestatu ditzakeela. Jaia egitera landa-eremura datoz; zabortegi batean daudela uste dutela dirudi", kritikatu du Osak. Eskatzen dugun bakarra da ingurua zaintzea, auzotarrak ez molestatzea. Gauzak bere lekura eramatea, hondakinak bere tokira eramatea".
Begiratokian ere bai
Egoera antzekoa izan ohi da udal plazaren ondoko begiratokian ere. "Oilaskoak edo hanburgesak hartuta etorri ohi dira hainbat, eta zaborra bertan uzten dute gero" salatu du Erramun Osak. "Gero udal langileek egon behar izaten dute dena garbitzen. Herrian udaltzaingorik ez dagoenez, ematen du edozer egin daitekeela".