#0km

Domeka honetan baserriko produktuen azoka egingo dute Garain

Anboto 2023ko abe. 11a, 10:46
2019ko azoka.

Tokiko produktuekin osaturiko dozena bat postu egongo dira. Baita taloak eta edariak eskainiko dituen txosna bat ere. Azoka 11:00etatik aurrera egongo da zabalik, plazan. Euria bada, frontoian egingo dute. 

Garaiko Udalak eta Urkiola Landa Garapenak baserriko produktuen azoka antolatu dute hilaren 17rako, domeka honetarako. Goizeko 11:00etatik aurrera, herriko plazan, eskualdeko dozena bat baserritar egongo dira eurek landuriko produktuak saltzen. Besteak beste, honako produktu hauek hauek eskuratu ahalko dira: ardi eta behi gazta, ortuariak, kontserbak, garagardoa, baserriko ogia, gozokiak, txerrikiak, ahatekiak, txakolina, sagardoa, txokolatea eta eztia. Era berean, plazan bertan txosna txiki bat ipiniko dute edariak zein txorizoagaz eta urdaiagaz beteriko taloak eskaintzeko. Euria bada, azoka frontoian egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek.

Garaiko Udalak adierazi duenez, azokak honako helburu hauek ditu: "Baserritar eta elikagaien ekoizleei euren produktuak plazaratzeko eta saltzeko aukera eskaintzea" eta garaitarrei zein eskualdeko biztanleei kalitatezko elikagaiak eskuratzeko aukera eskaintzea. Egitasmoaren beste helburu bat bertoko produktuak erosteko kontzientzia sortzea eta eskualdeko elikadura-komunitatea indartzea dela ere adierazi du udalak.

Garaiko baserritarren azoka 2019ko gabonetan egin zen lehenengoz. Jada urteroko hitzordua da Garaiko herritarrentzat zein eskualdeko biztanle askorentzat. Harrezkero urtero egin dute, 2020ko izurri garaian salbu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!